Herriko erlojuaren lehen tiki-taka

Urtea bukatzen ari da… 2016a agurtu eta 2017ari ongi etorria emateko momentua hurbiltzen doa… Aurten Urtezahar-gaueko kanpaiak San Telmo baselizatik emango ditu Euskal Telebistak. Zumaiarrak, ordea, San Pedro parrokiko erlojuari so egon izan ohi dira urteko azken gaueko hamabiak noiz iritsiko zain. Kanpandorreko erlojuak adierazten du denbora aurrera doala, segundoz segundo eta minutuz minutu. 

Herriko erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehienbat kanpaiak bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela ordua adierazteko esferarik, kanpai-hotsek ematen zuten horren berri. Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra. Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, udalena izaten zen erlojua egiteko erabakia; udalek erosten zituzten erlojuak eta bere gain hartu egoki mantentzearen ardura. 

Zumaiako erlojuari buruzko lehen berriak 1585ekoak dira. Ez dute garai hartako erlojuaren gaineko azalpen edo deskribapenik eskaintzen, baina bai erlojuzainaren ingurukoak. Udal artxibategian gordetzen den dokumentu batek aditzera ematen duenez, ordura arte Domingo Ibarra zen herriko erlojua, eskola eta sakristia zaintzeaz arduratzen zena. Urte horretako otsailaren 17an kargua eskuz aldatu zen eta hortik aurrera Julian Loidi izan zen erlojuaren zaintza bere gain izan zuena. 

Datu honen ondoren, XVIII. mendearen hasiera arte, galdu egiten da erlojuaren tiki-taka soinua artxiboko liburuetako orrietan. Lehen datuak antzinako herriko erlojua kronologikoki kokatzen laguntzen du eta bere zaintzaren gaineko arduradunaren izendapena udalbatzarena zela zehaztu. Topatu dugun bigarren datuak erakusten du erlojuaren funtzionamendu egokia zenbateraino zen udalbatzaren ardura. 

Dokumentua 1704ko abuztuaren 17ko udal-akta bat da. Bertan azaltzen denez, momentu hartan hiribilduko erlojuari funtsezko pieza ugari falta zitzaizkion. Egoera hau nahiko larria zen, gogoan izan behar baitugu San Pedro parrokiko kanpandorreko erlojuak zehazten zuela Zumaian denboraren igaroa. Erlojua konpontzeko eskaera Frantzisko Azkarate maisu erlojugile tolosarrari egin zitzaion, egun haietan Zumaian zegoela aprobetxatuz. Urtebete lehenago hiribilduak maisu erlojugile berari aurrekontua eskatua zion, eta orduko hartan 46 erreal zortziko eskatu zituen erlojuaren konponketarako. Beraz, San Pedro parrokiko erlojuak gutxienez urte bat zeraman matxuratuta.

San Pedro parrokiko erloju zaharraren konponketarako 40 zortzi errealeko aurrekontua aurkeztu zuen bigarren aldian Frantzisko Azkaratek. Prezio jaitsiera ikusirik konponketa onartzea erabaki zen:

"(...) atendiendo a esto y a que es cosa que inporta a todos y exencialmente en una republica se lleve a devida execución dicha proposición y que luego se desaga dicho reloj y lleve quanto antes pues estaba parado (...)".

Hasieran, lanean hasteko, erreal batzuk eman zitzaizkion maisu erlojugileari eta handik hamabost egunera 40 zortzi errealekoak ordaindu zitzaizkon. Oraingoan baina, erlojua konpontzeko gastuak partekatuak izan ziren:

“(...) ser cosa la mas esencial en una republica, era muy justo en razón, el que se tomase alguna buena forma poner. El dicho Vicario venia también en que la Iglesia contribuya en la mitad del gasto que se causase en componer y afinar dicho reloj (...)” 

XVIII. mendearen hasieran beraz, erlojuaren gaineko ardura partekatzea erabaki zuten elizak eta hiribilduak. Horrela, gastua bien artean ordaindu zuten: 20 erreal zortziko udalbatzak eta 20 elizak. Konponketa honi esker, San Pedro parrokiko antzinako erlojuaren tiki-taka berriro entzun zen eta Zumaiarrek denboraren igaroaren erreferentzia berreskuratu zuten. 

Aurtengoan gure begiak San Telmo baselizan jarriak egongo diren arren, Zumaiarren belarriak San Pedro parrokiko erlojuak astintzen dituen kanpai hotsen zain egongo dira. Gaurkoan San Pedro elizako erlojuaren lehen aipamenak ekarri nahi izan dizkizuegu urte amaieraren aitzakian. Erlojuaren inguruko informazioak ez dira, ordea, hemen bukatzen. Nork daki, agian datorren urtean eutsiko diogu berriz gaiari... Bitartean, Zorionak eta Urte Berri On Zumaia! 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide