1957ko sanpedrotako egitaraua: jai egitarau bat baino gehiago

Sanpedroetan murgilduta egon zen Zumaia joan den astean. Herriko zaindariari eskainitako jai hauek aspaldidanik ospatzen dira. Gaur egun santelmoek nagusitasuna kendu dieten arren, gustura murgiltzen dira zumaiarrak festa giro epeleko jai udatiar hauetan.

San Pedro jaien inguruan gehiago jakin nahian gerturatu gara oraingoan udal artxibora. Jaietako programak miatzea izan da gure lehen asmoa, baina 1957ko egitarauak bereganatu du gure arreta. Orain 60 urte ospatutako San Pedro jaietako egitarauak bertan burututako ekintzen berri ematen du, ezin bestela izan. Urte horretan sanpedroak ekainaren 28tik uztailaren 7ra bitartean ospatu ziren, jai egunak ekainaren 28, 29, 30 eta uztailaren 1 eta 7 izanik. Azken egun honek "errepikapen igande" izendapena jasotzen zuela ikusi dugu.

Egitarau honetan jaiei hasiera ematen dien ohiko txupinazoa ez aurkitzeak harritu gaitu. Pentsatu baino ohitura berriagoa dela dirudi. Izan ere, urte horretan, Lizarrako dultzaineroek lagunduriko buruhandi eta erraldoien kalejirak eman zien hasiera jaiei. Denetariko ekintzez beteriko jai egunak etorri ziren jarraian: Sanpedroetan ohikoak diren elizkizun, pilota partidu, diana, dantzaldi eta su artifizialez gain, argazki eta Langile Eskolako ikasleen lanen erakusketak, San Pedro egunari ongi etorria emateko danborrada nagusia,  txirrindulari lasterketa, plater-tiroketa lehiaketa, batel estropada, sokamuturra, jokoak eta ahate eta antzara lasterketa besteak-beste.

1957ko San Pedro jaietako egitarauaren orriek, ordea, beste zenbait informazio ere eskaintzen dituzte. Hala nola, garai hartan Zumaian zeuden enpresa, jatetxe, kafetegi eta saltokien ispilu bezala agertzen da. Izan ere, jaietako programaren orriak iragarkiak txertatzeko leku ezin hobeak ziren. Herriko etxe guztietara iristen den zerbait izanik, norberaren negozioaren promozioa egiteko aukera paregabea dira. Kasu honetan, denbora gutxian -kontuan izan 60 urte besterik ez direla pasa-, Zumaia zenbat aldatu den konturatzeko balio izan digu. Batzuk oraindik gogoratuko dira egitarauan iragartzen diren zenbait enpresa eta zerbitzutaz. Gaztetxoenek, ordea, Zumaia ezezagun bat topatuko dute egitarau honen orrietan. Izan ere, agertzen diren saltoki eta enpresa bat edo beste oraindik edo orain gutxi arte martxan egon den arren, gehienak desagertu dira.

Alde batetik Zumaiako industri iragana gogora ekartzen duten enpresen iragarkiak ditugu: Carmelo Unanue S.A., Julian Eguiguren, Cementos de Zumaya S.A., Talleres Mecánicos Beal, Autornifer S.A., Carmelo Echave, Otto Holke, Simon Olaizola, Balenciaga S.A., Francisco Aizpurua, Mendiaraiz, Yeregui Hermanos S.A., Conservas Ortiz S.A., Artaza y Compañía, eta abar.

Bestalde, Zumaian zeuden zerbitzuei buruzko iragarkiak: Juan Cearreta alokatzeko bizikletak eta mota guztietako konponketak, Viuda de Aguinagalde jatetxea, Juan Goicoechea eta Fermin Lopez Sarasa ardo salmentak, Venancio Múgica eta Juan Olaizola ileapaindegiak, Hotel Zumaya, Foto Gar, Juan Solano Uriarte dentista, Jose I. Otaño Farmazia eta laborategia, Otaño drogeria eta opari denda, Gau-Chori Sagardotegia, Artadiko Chiquito taberna jatetxea, Gran Hotel y Cine Amaya, Valentin Manterola elektrikaria, Francisco Berasategui denetariko denda, Jose Corta okindegia, Lopez txurro eta izozki egilea, Alberdi gozotegi eta denda, Sarra taberna, Leoncio Mugica burdindegi eta alokairuzko kotxe zerbitzua, La Zumayana txurro-denda, Uranga Hotela, Martiarena inprimategia eta abar luze bat.

Baina iraganeko Zumaia ezagutarazteko elementu bat izateaz gain, 1957ko sanpedrotako egitarau honek azken ezusteko bat gordetzen du orrien artean. Jaietako egitaraua agertzen den orriekin txertatuta, garai hartan udalak gauzatu nahi zituen hiru egitasmoen ilustrazioak topa ditzakegu. Lehenengoa egin zaigu bitxiena eta uda garairako egokiena: paolazpian itsasoko urez beteriko igerileku naturala. Ideia hau behin baino gehiagotan entzun izan da Zumaian, baina honen inguruko ilustrazio bat ikusi dugun lehen aldia da. Ziur irakurleari ere bitxi zein eder suertatuko zaiola. Bigarren ilustrazioa egungo Amaiako Plazarekin bat etorri daitekeela dirudi. Bertan “Plaza de Galvez Cañedo, calle de enlace a la carretera de Izurun” irakurri daiteke. Hirugarren ilustrazioak, hobeto esanda hirugarren elementuari dagozkion hiru ilustrazioek, eraikin erlijioso bat erakusten dute. Bertan ez da inolako aipamen argigarririk ageri eta ezin izan dugu elementua guztiz identifikatu. Arritokieta baseliza izan daitekeela pentsatu dugu, baina ezin 100% ziurtatu. Ea ilustrazioak ikustean zuek identifikatzeko gai zareten!

 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide