Historiaurreko gure kostaldeko aztarnategietan (Amalda, Ekain edo Urtiaga kasu) maskordunen aztarnak topatu dira indusketa arkeologikoetan. Ezin da ahaztu historiaurreko gizakia ehizatik, arrantzatik eta bilketatik bizi izan zela eta, kostaldetik gertu bizi izanez gero, itsasbazterrak eta ibaiak bilketarako gune ezin hobeak zirela. Inguruko historiaurreko aztarnak aztertuz, molusku-bilketak Goi Paleolito garaitik aurrera gero eta garrantzia handiagoa hartu zuela ondoriozta daiteke.
Itsasbazterrean, harraldean edo ibaien bokaletan burutzen zen elikagai bilketa hau egundaino iritsi dela ukaezina da. Zumaian harraldea eta Urola eta Narrondo ibaien itsasoratze guneak betidanik izan dira erakargarriak bertako biztanleen biziraupenerako. Horrela gertatzen zen XIX. mendeko bigarren erdian ere. Orduan baziren ibaiaren hondoan beren dieta osatzeko elikagai bila ibiltzen zirenak. Hori izan zen behintzat, Zumaiako Marinel Kofradiak erabilitako argudioetako bat Eusebio Gurrutxaga industrialari zumaiarrak bertako paduretan ostra-haztegi bat jartzeko baimena jasotzen zuen Errege Aginduari kontra egiteko.
Dirudienez, XIX. mendearen erdialdean Espainiako Gobernuak estatuko kostaldean oskoldunen, bereziki ostra eta almejen, haztegiak ezartzeko interes berezi bat erakutsi zuen. Ordurako ezagunak ziren Frantzian, Ingalaterran, Belgikan eta Estatu Batuetan animalia mota hauen hazkunde artifizialak emandako emaitza baikorrak. Bereziki ezagunak eta aipagarriak ziren Ré Uhartean egindako aurrerapenak. Saiakera hauek kostaldera aberastasuna ekarri zezakeen jarduera berri baten oinarri bezala ikusi zituzten estatuko agintariek. Hau horrela, aktibitate mota hau sustatzen hasi ziren hazkunde mota honetan interesa erakusten zuenari lurrak doan emanez, baita haztoki berri hauen inguruko ustiaketa arautuz ere.
Eusebio Gurrutxaga industrialariak jarduera berri honen inguruko interesa erakutsi zuen eta Zumaian ostrak eta almejak hazteko gunea egiteko baimena lortu zuen 1863 urtean, Errege Agindu bidez. Agindu honetan Arbustaingo hondartzan 70 metroko ostra-haztegia ezartzeko baimena ematen zitzaion. Ordurako, Eusebio Zumaiako industrian izen nagusietako bat zen. Zumaian hain garrantzitsua izan zen zementugintzan aitzindari izan zen gizon honek ekintzailetasuna zeraman zainetan eta zenbait jarduera desberdin aurrera eramaten arriskatu zen. Hala ere, guztietan bitxiena ostra-haztegiaren abentura izan zela ziurta daiteke.
Baimena jaso bezain pronto, Gurrutxaga ostra-haztegia eraikitzen hasi zen Arbustaingo hondartza bezala ezagutzen zen parajean. Idatzi honi laguntzen dion planoan argi ikus daiteke non kokatzen zen eremu hau. Dena den, ostra-haztegiko eremua mugatzen hastearekin batera hasi ziren arazoak. Zumaiako Marinelen Kofradia Gurrutxagaren eta Errege Aginduaren baimenaren kontra agertu zen. Alde batetik nahiko haserre agertu zen, haztegia ezartzeko baimenari buruz berri zuzenik jaso ez zuelako. Beste aldetik ez zegoen ados eremu publikoa zena jarduera pribatu baterako eman izanarekin. Azken hau indartzeko erabilitako argudioen artean, bertako bizilagun behartsuenek itsasadarrean arrantza eta bilketa burutzen zutela erabili zen, beren egoera hobetze aldera. Beraz, ostra-haztegiak herriko behartsuenen egoera kaltetzea ekarriko lukeela; guztionak ziren lurrak pribatu bihurtuz gainera.
Udala ere ez zen oso ados agertu eta biek galdegin zioten gobernadore zibilari, baimen hori atzera botatzeko asmoz. Trukatu zituzten eskutitzetan, aurreko bi arrazoiez gain, itsasadarreko nabigazioari eta, beraz, Zumaiako portuak zuen trafikoari oztopo egiten ziola ere argudiatu zutela ikus daiteke. Egoera honen aurrean, Foru Aldundiak Itsas Armadako Komandanteari galdegin zion eta honek, arazoa zein zen eta Udalak eta Kofradiak azaltzen zituzten argudioak benetakoak ziren argitzeko, Gurrutxaga eraikitzen ari zen ostra-haztegiaren gaineko azterketa egiteko agindua eman zuen. Ondorioa Eusebio Gurrutxagaren aldekoa izan zen. Ostra-haztegiak ez zuen nabigazioa oztopatzen, planoan ikus daitekeen bezala. Beste bi argudioak berriz, horrelako jarduera sustatzeko neurrien babesak baliogabetzen zituen.
Azkenean, beraz, Eusebio Gurrutxagak bere ostra-haztegia ezartzeko aukera izan zuen eta, urte batzuk beranduago, 1867ko Batzar Nagusietara bideratutako diru-laguntza eskaeran azaltzen duen bezala, Probintziarentzat “un manantial incalculable de riqueza” izan zitekeenaren aitzindari bihurtu zen. Hala ere, bere asmoak aurrera eramateko, ekimen hau haztegi pilotu bezala aurkeztu zuen. Burutu beharreko inbertsioa handia zen eta, pentsa daitekeen bezala, emaitza ez zen bat-batekoa izango. Bere kalkuluen arabera, enbrioietatik hasten zen hazkuntzak lau urte behar zituen jateko moduko ostra lortu arte. Bere asmoa lau urte horietako bakoitzean 16.000 errealeko diru-laguntza eskuratzea zen, diru hori Frantziatik ekarriko lukeen eta jarduera hauetan aditua zen praktikoarentzat izango zela argudiatuz.
Gurrutxagak ez zuen diru-laguntza hori lortu, baina bere asmoek aurrera egin zutela dirudi. Ez hori bakarrik, Eusebio Gurrutxagak berak 1869ko uztailan aditzera ematen duenez, momentu horretan, beraz gain, 16 pertsonek zituzten ostra-haztegiak Zumaian.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)