Atzo arratsaldeko 18:00etan ohiko osoko bilkura egin zuen Zumaiako Udalak eta eguneko aztergaien artean, ogasunari dagokionean, aurreko bileretako aktak onartu eta hainbat kreditu aldaketen berri emateaz gain, 2016ko kontu orokorrak onartu zituen aho batez udalbatzak.
Halaber, gainerako aztergaien artean aipagarria izan zen Santiagoko hondartzan eraikiko den zerbitzuetako eraikina doitzeko Getariako Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren onespena. Hori ere aho batez onartu zen.
Izan ere, Madrilgo Kostetako Zuzendaritza Nagusiak onartu duen egokitzapen proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa du jakitea zein udalerri arduratuko den zerbitzuetako eraikina doitzeaz eta ildo horretan, Zumaiako Udalak bere borondatea eta konpromisoa aurkeztu du lan hori betetzeko.
Horrenbestez, Santiagoko eremua egokitzeko hartutako konpromisoari helduz, atzo onartutako lankidetza hitzarmenaren bitartez, bere gain hartu du Udalak aipatutako eraikina doitzeko ardura eta emandako hitza beteaz, mantenurako biltegia, komunak, aldagelak, dutxak eta sorosleentzako gunea eraikiko ditu bertan. “Urteak egin ditugu zumaiarrok egokitzapen honen zain eta behin inbertsioa lortuta, proiektua bere osotasunean aurrera eramatea da gure lehentasuna”, aipatu zuen alkateak, Oier Kortak.
Horrez gain, hirigintza arloan Oikiako eskola berriko barne erreformarako egitasmo berezia onartu zen eta zerbitzuei dagokionean, erakunde ezberdinekin (Izenpe eta Foru Aldundia) informazio trukaketa ahalbidetzeko lankidetza hitzarmenak onartu ziren, modu honetara, zerbitzua eskaintzeko garaian herritarrei erraztasunak eskaini ahal izateko.
Alokairua eta emantzipazioa bultzatzeko programa
Udako azken osoko bilkurarekin amaitzeko (abuztuan ez da egingo), EH Bilduk alokairurako eta emantzipatzeko diru laguntzen inguruko proposamena aurkeztu zuen. Horren arabera, aurtengo aurrekontuetan lehen aldiz udal gobernuak horretara bideratutako 30.000€ko kontu-saila, datorren urtera begira 100.000€tara handitzea proposatzen zuen, baita laguntza programa zumaiar orori zabaltzea ere, %20a lehen emantzipaziora eta gainerako %80a alokairura zuzenduz, hain zuzen. Bozkatzeko garaian, EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. “Osoko bilkura ez da horrelako garrantzia eta konplexutasuna duen gaia lehen aldiz bere osotasunean aurkezteko lekua, horretarako batzordeak ditugu, proposamenak jaso, aztertu eta lantzeko, hain zuzen eta behin hori egindakoan udalbatzan aurkezten dira bozkatzeko. EH Bilduk proposamen zirriborroa batzordeetan aurkeztu duen arren, ez du gainerako udal taldeekin behar bezala landu, eta gaurkoan hemen onartuz gero, ezin da atzera bota eta bere osotasunean gauzatu beharko litzateke. Zentzu horretan, alokairuak Zumaian duen egoera konplexu eta bereziagatik, gaiak lanketa sakonagoa exijitzen duela uste dugu”, adierazi zuen alkateak, Oier Kortak. “Noski ez gaude programaren edukiaren aurka, are gehiago, EAJren udal gobernuaren ekimena izan da horrelako programa bat lehen aldiz Zumaian martxan jartzea. Kontu saila handitzeko konpromisoa ere badugu, baina horretarako, lehendabizi eskaera maila aztertu behar da, ondoren, programari beharrezkoak diren aldaketa eta egokitzapenak egin ahal izateko. Guzti horregatik, beraz, proposamenaren aurka bozkatuko dugu”, gehitu zuen. Ildo beretik gaiari gogor heldu eta programa ahalik eta azkarren martxan jartzeko borondatea azaldu zuten gobernu kideek.
Arritxu Marañon, PSE-EEeko ordezkariak ere bat egin zuen udal gobernuaren azalpenekin: “Gaur hemen aurkeztutakoa nagusiki aurrekontuekin loturiko gaia da, beraz, gaurko osoko bilkura ez da momentua horrelako gai bat onartzeko. Hori aurrekontuak lantzen ditugunean aztertu beharko genuke”, arrazoitu zuen. Halaber, laguntza programa ahalik eta azkarren martxan jartzea eskatu zuen.
Aurkeztutako argudiaketari EH Bilduren udal taldeak bere erantzuna eman zuen: “Oraindik ez da programa martxan jarri eta ez bada laster aurrera eramaten ezingo dugu gobernuak azaldutako eragin hori 2018ko aurrekontuei begira aztertu. Espero dugu behintzat gure gaurko aurkezpena programa martxan jartzeko bultzada gisa baliagarri izatea”.
Horrenbestez, kontrako 6 botorekin eta aldeko 5ekin, EH Bilduren proposamena bertan behera gelditu zen.
Osoko bilkurarekin amaitzeko, azken orduko mozioa sartu zuen EAJ-PNVk. Horri dagokionean, Arritxu Marañon zinegotziak Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordea utziko du eta aurrerantzean bere lekua Jon Iraola zinegotziak beteko du. Mozio hori aho batez onartu zen.