Turismoari buruzko galdetegiaren emaitzak ezagutarazi dira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 27a, 17:09

Berriki egindako turismoaren inguruko inkestaren emaitzei erreparatuz, turistek herriari ekarpen handia egiten diela dute iritzi galdetegia erantzun duten zumaiarrek, baita turismoak ondarea eta historia mantentzen lagundu eta ekonomia eta bizi kalitatea hobetzen dituela ere. Turismoak eragindako arazoen artean, aldiz, aparkaleku eza, bizi kostuaren igoera edo ingurumen naturalaren hondatzea nagusitu dituzte erantzuleek.

Udalak, Translokal enpresarekin elkarlanean, uda aurretik herritarrei egindako turismoaren inguruko inkestaren emaitzak ezagutarazi ditu.

Izan ere, martxoan abian jarritako Turismo Planaren garapenean, Udalak ezinbestekotzat jo zuen turismoaren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak ezagutzea eta helburu horrekin hain zuzen zabaldu zitzaien guztiei aipatutako galdetegia betetzeko aukera, udal aldizkariaren zein webgunearen bitartez.

Emaitza guztiak ikusgai daude www.zumaia.eus webgunean.

Parte-hartzaileen ezaugarri orokorrak

Guztira 186 galdetegi jaso ditu Udalak eta horietarik 96 balioztatu ahal izan ditu, gainerako 90ak ez baitzuten inolako identifikaziorik (NAN gabe). Galdetegia bete dutenen batez besteko adina 35-54 urte bitartekoa izan da, %52 emakumezkoak eta %44 gizonezkoak. Parte-hartzaileen %64 erdigunean bizi da, %20 erdigunetik kanpo eta %9, aldiz, inguruko auzoetan. Halaber, erantzuleen %87ak ez du turismo alorrarekin inolako loturarik.

Turismoa herriko ondarea, historia, kultura eta hizkuntza bultzatzeko aukera gisa

Beste hainbat gaiekin gertatzen den bezala, turismoaren inguruan ere iritzi aniztasuna dago herritarren artean, baina orokorrean, turismoak Zumaiako irudia edertu, tokiko ekonomia eta bizi kalitatea hobetu eta ondarea zein historia mantentzen laguntzen duela iritzi dute galdetegiaren erantzuleek. “Inkesta erantzun dutenen %61ak turistek herriari ekarpen handia egiten diotela dute iritzi eta soilik %22ak ikusten ditu traba gisa”, adierazi dute Udaletik. Ildo horretan, turismoak edota bisitariek eragindako arazoengatik galdetzean, aparkaleku eza, bizi kostuaren igoera, ingurumen naturalaren hondatzea edota saturazioa nabarmendu dituzte erantzuleek. Azken horren kasuan, ordea, kale okupazioaren inguruan galdetzean %6ak soilik bizi du okupazio/saturazio horren sentsazioa.

Etorkizuneko turismoa lantzen

Zumaiako Udalaren helburua da aurrerantzean eta etorkizunera begira ere, Zumaiako balio eta baloreetan oinarritutako turismo baten alde lan egiten jarraitzea.

Bide horretan, galdetegia erantzun dutenek gau egonaldiko turistak nahi dituztela adierazi dute, baita ondo informatuak eta natura eta nekazaritza zaletuak direnak ere. Ildo beretik, zerbitzu turistikoetan euskara ondare gisa erakutsi eta turismo sustapena urte osora zabaltzearen alde azaldu dira erantzuleak.

Gainera, hori lortzeko bidean, turismo politika eta plangintzarekiko interesa azaldu dute erantzuleek %51ak eta inplikazio eta parte-hartze horri erreparatuz, hizkuntza, kultura, ondarea, historia, natura edota gastronomia ardatz izango dituen turismoaren aldeko apustua berretsi du eta herritarrekin batera, horiek bultzatze aldera gogor lan egiten jarraituko duela adierazi du Udalak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide