Joan den ostegunean arratsaldeko 18:00etan egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko gobernu taldeak landutako "Alokairu Beka" programa, EAJ-PNVren udal gobernuaren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Programa hori 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburu du haien emantzipazioa erraztu eta bultzatzea. Horretarako, indarrean dauden programen azterketa sakona egin du udal gobernuak eta inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu ditu oinarri, noski, betiere, eredu horiek Zumaiaren eta gazte zumaiarren beharretara egokituz.
Ildo horretan, “Alokairu Beka” programa aitzindaria izango da eskualde mailan eta bi dira, hain zuzen, indarrean dauden gainerako programetatik bereizten dituen ezaugarriak.
1. Alokairu partekatua
Lehenik eta behin, “Alokairu Bekak” alokairu partekatua sustatzea du helburu eta hori lortze aldera, diru-laguntza handiagoa jaso ahal izango dute gazteek alokairua partekatuz gero. “Gaur egun gazte askok ezin dute haien irabaziekin bere kasa emantzipatu, horregatik, Udaletik, lagun taldean egiteko aukera eskaini nahi izan diegu”, adierazi dute gobernu kideek. Bide horretan, laguntza eskaera indibiduala egin ahal izango dute gazteek, baina, alokairua partekatuz gero, bekaren onuradun bakoitzak, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasoko du. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehieneko diru-laguntza 150€koa izanik.
Horrez gain, alokairu partekatua sustatzeak, gaur egun eskaintzen diren etxebizitzen erabilera eta okupazioa areagotzea ere ahalbidetuko du.
2. Formazioa bultzatzearen aldeko hobaria
“Alokairu Bekaren” bitartez jasotako diru-laguntzaz gain, herriko gazteen formazioa bultzatu eta lan merkatuan txertatzeko dituzten aukerak zabaltze aldera, Udalak hilero 10€ko hobaria emango die programaren onuradun bakoitzari, baldin eta urteko 150 ordu baino gehiagoko ikasketak egiten ari diren.
“Alokairu Beka” jasotzeko oinarrizko baldintzak
18-35 urte izatea eta gutxienez 10 urtez Zumaian erroldatuta egotea dira “Alokairu Bekara” atxikitzeko oinarrizko baldintzak. “Ez dugu nahi gazte zumaiarrak herritik kanpora bizitzera joan behar izatea herrian bertan alokairua garestiegia delako”, azaldu dute Udaletik. Izan ere, 2008tik hona, herriko populazioaren hazkundea dela-eta, (1000 lagun gehiago) etxebizitza eskaera handiagoa da eta eskaintza, aldiz, txikiagoa. Ondorioz, etxebizitza zein alokairu prezioak garestitu egin dira eta bereziki gazte askok kanpora jotzen dute bizitzera. “Alokairu Bekaren” bitartez, ordea, kanpora irtete hori ekidin eta herriko gazteei eman nahi diegu lehentasuna”, adierazi dute gobernu kideek.
“Alokairu Beka” abenduan jarriko da indarrean eta programaren lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Alokairu Bekaren diru-laguntza jasotzeko, etxebizitzaren alokairuak ezingo du 600€tik gorakoa izan.
Programaren nondik-norakoak jasotzen dituen ordenantza ikusgai duzu www.zumaia.eus webgunean. Edozein zalantza argitu edo informazio gehiago jasotzeko deitu 943 86 50 25 (404 luzapena) edo idatzi berdintasuna@zumaia.eus helbidera.