Zumaiako udal gobernua bete-betean ari da dagoeneko 2018ko udal ordenantzak lantzen eta ildo horretan, iraila amaieran aurkeztu zion dokumentua oposizioari. Orduz geroztik batzordeetan ari da gaia lantzen eta gaurkoan, aurkeztutako proposamenaren berri eman nahi izan die herritarrei. Behin betiko onespena astelehenean egingo den ez-ohiko osoko bilkuran erabakiko da.
Horiek horrela, 2018rako ordenantza fiskalek %1.7ko igoera orokorra izatea proposatu du udal gobernuak, izan ere, 2016ko abuztutik 2017ko abuztura, urteko KPIa %1.7 igo baita. Gainera, Udalaren eginkizuna da urtetik urtera Udaleko diru sarrera eta gastuak berrikustea, ezinbestekoa baita Udalak ematen dituen zerbitzuen kostuen eta tasetatik jasotzen diren diru sarreren arteko oreka mantendu eta bermatzea. Horregatik, berrazterketa horri erreparatuz eta KPIaren igoera aintzat hartuz, zenbait aldaketa egitea proposatu du udal gobernuak herritarrei orain arteko kalitatezko zerbitzu berak bermatzen jarraitu ahal izateko.
Esate baterako, %1.7ko igoera hori trakzio mekanikoko ibilgailuei aplikatzea proposatzen du, turismo edo ziklomotorrei, hain zuzen. Ildo horretan, jarduera ekonomikorako erabiltzen diren ibilgailuei (autobusak, kamioiak, traktoreak…) zerga izoztea planteatu du gobernuak, modu honetara tokiko ekonomia babestu eta bultzatzeko xedez. Halaber, ibilgailu bakarra duten familia ugariei %50eko hobaria ematea ere proposatu du.
Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren kasuan (OHGZ), zerga hori izoztea da gobernuaren proposamena, baita hobari guztiak berdin mantendu eta ohiko etxebizitza ez diren egoitzei aplikatzen zaien %75eko errekargua ez aplikatzen jarraitzea ere. Bide beretik, Ekonomia Jardueren Gaineko Zerga ere izoztea planteatu du.
Bestalde, tasen kasuan, urtetan zehar hauek izoztuta egoteak sortu eta metatu duen defizitari aurre egin eta sarrera eta gastuen arteko oreka mantentzeko zenbait tasa igotzea proposatzen du gobernu taldeak, esaterako, urarena edota kirol patronatuarena, bakoitza %1.7. Azken horren kasuan, iazko irizpideari helduz, Diru sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) edo Gizarte Larrialdietako Laguntzen (GLL) onuradunen seme-alabek 2018an ere ez lituzkete kiroldegiko tasak eta udaleku edo ludotekakoak ere ordainduko.
Ildo beretik, %1.7ko igoera planteatzen du musika zerbitzuetan edota udal jabari publikoaren erabileran ere. Horren harira, kaleko salmenta eta azoketako zein herri jaietako postuen tasak egokitzea proposatu du, horiek egungo beharrei erantzun diezaien.
TAOko txartelaren prezioari dagokionez, datorren urteari begira, urteko egoiliar txartelaren prezioa igotzea proposatu du gobernu taldeak, 15€tik 25€etara. Bigarren txartela, aldiz, 25€tik 35€tara igotzea planteatu du.
Halaber, Gizarte Zerbitzuetako tasak izoztu eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kostua jaisteko proposamena ere egin du udal gobernuak. Iaz 21.29€etatik 17.5€tara jaitsi bazen, aurten, lanegunetan 16€tara eta jaiegunetan 18.5€tatik 17€tara jaistea proposatu dute gobernu kideek.
Berrikuntzak
Herrian eta herritarren artean gaur egungo beharrei erantzuna emate aldera, hainbat tasa berri ezarri eta beste batzuk egokitzea proposatu du gobernuak, besteak beste, San Telmo ermitako ezkontzen inguruko tasa edota udal eraikinen erabilpenarena. Halaber, Udalarentzat defizitarioak diren eta horrenbestez, herritar guztien poltsikoetatik ordaintzen diren zerbitzuetan, udalekuak kasu, herritarrak leheneste aldera, zumaiarrak ez direnei, hau da, zerga eta tasak Zumaian ordaintzen ez dituztenei, tasa %50 igotzea proposatu du gobernuak.