Bide horretan, Udala kontentu azaldu da jasotako emaitzekin: “ekimen honek bere ibilbidea hasi berri du, aurten jarri da lehen aldiz martxan eta harrera ezin hobea izan du gazteengan”, adierazi dute Udaletik.
Guztira 18 eskaera jaso ditu Udalak; horietatik 5, ordea, “Alokairu Bekatik” at gelditu dira oinarri arauetan jasotako baldintzak ez betetzeagatik, besteak beste: alokairuko etxean erroldatuta ez egoteagatik, diru sarrera handiagoak izateagatik edota Zumaian gutxienez 10 urtez erroldatuta ez egoteagatik.
Programa garatzerako orduan, udal gobernuak oso kontuan izan du egungo etxebizitza merkatuaren egoera eta ildo horretan, Zumaiako alokairu etxebizitzen egoeraren azterketa sakona egin eta horietatik alokairua ordaintzeko diru-laguntza jasotzen duten 100 etxebizitzen bataz-bestekoak hartu ditu aintzat.
Horren arabera, “Alokairu Bekak” diruz lagunduko ditu 600€ arteko alokairu kostua duten etxebizitzak. Halaber, oinarri arauetan jasotakoari jarraiki, alokairua partekatzen duten onuradunek, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasoko dute. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko die. Horrez gain, ikasten dauden onuradunek, hilero 10€ko hobaria ere jasoko dute.
Amaitzeko, etorkizunera begira programari jarraipena emango zaiola berretsi dute Udaletik eta bide horretan, hain zuzen, emandako hitza beteaz, datorren urteari begira programa horretara bideratutako kontu saila bikoiztu du udal gobernuak, zehazki 63.000€tara handitu du. “Gure helburu eta nahia da aurtengo zein datorren urtera begira animatu daitezkeen gazte guztiei erantzuna ematea, betiere, emantzipazio aukera berriak eskaintzen jarraitu ahal izateko”, amaitu dute Udaletik.