Alokairu bekari egokitzapen proposamenak egin dizkio Gobernu Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko uzt. 22a, 08:00

Horien artean, 100m2-tik gorako etxebizitzetan alokairurako diru laguntza jasotzeko horren prezio muga 800€tara igotzea planteatu du, betiere gutxienez hiru bizikidetza unitate badaude bertan erroldatuta. 

Bestalde, ikasten ari direnek jasotzen duten hobaria bikoiztea ere proposatu du. Proposamen horien helburua da programa berritzaile hori gazteen egungo beharretara moldatzea eta egokitzen jarraitzea.

“Alokairu Beka” ekimena iaz jaio zen Zumaian, gazte zumaiarren emantzipazioa erraztu eta ahalbidetzeko xedez. 

Aipatu ekimena aitzindaria izan da Zumaian, baita erkidegoan ere, proposamenaren oinarriak zehazteko garaian, inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu dituelako gobernu taldeak adibide gisa. 

Gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzeaz gain, bi ezaugarri dira “Alokairu Beka” gainerako alokairu programengandik bereizten duena: alokairu partekatua sustatu eta formazioa bultatzea. Hori horrela izanik, gaur egun, bekaren onuradun bakoitzak, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasotzen du alokairua partekatzeagatik eta ikasten egonez gero10€ko hobaria ere jasotzen du hilero. 

Edonola ere, programa egungo gazteen beharretara moldatu eta egokitzen jarraitze aldera, lehen hartu-emanaren zein esperientziaren ostean, bi egokitzapen proposamen egin dizkio ekimenari gobernu taldeak. 

Alde batetik 100m2tik gorako etxebizitzetan alokairuaren prezioa 600€tatik 800€tara igotzea proposatu du, betiere, 3 bizikidetza unitate (onuradun ala ez onuradun) badaude bertan erroldatuta. Bestetik, formazioa bultzatzen jarraitze aldera, ikasten ari diren gazteen hobaria bikoiztea proposatu du, hileko 10€tatik 20€tara.  Egokitzapen horiek helburu dute, esan bezala, “Alokairu Bekak” egungo gazteen beharrei erantzuna ematea. Gainerako oinarriak, berdin mantenduko dira, hau da, “Alokairu Bekak” diruz lagunduko ditu 600€ arteko alokairu kostua duten etxebizitzak eta 18-30 urte bitarteko gazteei bideratuta egongo da. 

Alokairuaren egungo egoera Zumaian eta eskaintzen diren diru-laguntzak

2017an 13 gazte zumaiar izan dira “Alokairu Beka”ren onuradunak eta 2018ra begira, eskaera maila handiagoa izatea espero du Udalak. Ildo horretan, aurrekontuaren baitan programa horretara bideratutako kontu saila bikoiztu zuen udal gobernuak, zehazki 63.000€tara handituz. Horri lotuta, aurtengo izen ematea datozen hilabeteotan zabalduko duela jakinarazi du udal gobernuak. 

Horrez gain, badira Zumaian alokairurako eskaintzen diren bestelako diru-laguntzak: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), udal Gizarte Zerbitzuetatik eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) Eusko Jaurlaritzatik. Guztira 85 etxebizitza daude Zumaian alokairuan aipatu bi laguntzei atxikita eta horietatik %85ak 600€tik beherako alokairua ordaintzen dute. 

Halaber, datorren urteari begira, Eusko Jaurlaritzak gazteei zuzenduriko alokairurako diru laguntza jarriko du martxan. Programa horrek, hiriburuetan 750€tan finkatu du alokairuaren prezio muga eta herrietan, aldiz, Zumaian bezala, 600€tan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide