Etorkizuna eta hezkuntza estuki lotuta daudela jakinik, herriko hezkuntza arloa indartzearen alde eginiko apustuaren baitan urrats eta inbertsio berriak eginez jarraitzen du Zumaiako Udalak.
Kasu honetan, uda sasoia aprobetxatu du hainbat hezkuntza eraikinetan egokitzapen eta hobekuntza lanak egiteko, horiek itxita daudela aprobetxatuz.
Datorren astelehenean, esaterako, Sagarbideko patioan egokitzapen lanak hasiko ditu. Bertan egingo diren hobekuntzen artean, zuhaitzen sustraiek hondatutako oinezkoen bideak egokitu eta natura eta ekologia ardatz hartuta, eremu natural eta jolas gune berriak sortuko dira. Halaber, patioan dauden zuhaitzen osasun egoera ere hobetuko da.
Lanen helburua da egungo irisgarritasun arazoei erantzuna ematea eta bide batez, ingurune horren potentzial ekologikoa handitzea, aipatu eremua ikastetxearen hezkuntza irizpideetara, egungo pedagogia eredura eta bereziki ikasle zein irakasleen beharretara egokituz.
Lanen aurrekontua 86.171,36€koa izango da eta lanek 3 hilabete inguru iraungo dute.
Ildo beretik, abuztuan zehar beste hainbat hezkuntza eraikin hobetu eta egokitzeko aprobetxatuko du Udalak. Esate baterako, ludotekan geletako akustika eta intsonorizazioa hobetzeko lanak egin eta argiztapena aldatuko ditu eta AEK-ko eraikinean gela bat zabalduko du. Bide beretik, Eskola Txikia haurreskolan bi gela eta Juleneko haur hezkuntzan gela ugari elkar komunikatuko ditu eraikin biak egungo hezkuntza irizpideetara egokitu eta haurren zirkulazio librea bermatzeko. Azken eraikin horretan, halaber, komunak eta arraskak ere jarri edota berrituko ditu Udalak hainbat gelatan.
Lan horien guztien bitartez, Udalaren helburua da, hezkuntza arloa indartzeaz gain, herriko haur, gazte zein nerabeei zuzenduriko azpiegiturak eta formazio zein heziketa aukerak hobetzea.
Horri lotuta, esaterako, ezin dugu ahaztu, Udalak Zumaiako Institutua handitu, Sagarbideko frontoia estali edota Oikiako Eskola berria eraikitzeko Eusko Jaurlaritzatik lortutako 6.7milioiko inbertsioa, edota Udalak Herri Eskolako HHko eraikinean (Aita Mari) estalpe berri bat eraikitzeko jasotako 160.000€ko aurrekontua ere.
“Hezkuntza dugu etorkizuneko giltzarri nagusia eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu herriko haurrei ahalik eta zerbitzu zein azpiegiturarik egokienak eskaintzea”, amaitu dute Udaletik.