Zumaiako udal gobernuak bere kezka azaldu du udalbatzak onartutako Alokairu Bekaren oinarri aldaketek herritarrengan eta bereziki gazte zumaiarrengan eragin ditzaken ondorioengatik

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko ira. 28a, 14:59

Alokairuaren prezio muga 700€tara igotzeak Zumaiako alokairu merkatuaren igoera eragin dezakeela adierazi du, gazteen zein gaur egun jada alokairuan bizi direnen kaltetan. Errolda epearen jaitsierak, halaber, inguruko herrietako gazteen eskaera maila areagotzea eragin dezakeela diote gobernu kideek, eta ondorioz, “Alokairu Bekak” gazte zumaiarrak lehenesteko duen funtsa galduko duela iritzi dute.

Atzo arratsaldeko osoko bilkuran onartuak gelditu ziren EH Bilduren udal taldeak “Alokairu Beka” programari egindako bi proposamenak. Horien bitartez, 2018ko laguntzei begira, “Alokairu Bekak” diruz lagunduko dituen etxebizitzen alokairuaren prezio muga 600€tatik 700€tara handituko da eta horrez gain, laguntzak jaso ahal izateko errolda epearen irizpidea 10 urtetik 2 urtera jaitsiko da.

Aldaketa horien aurrean, udal gobernuak bere kezka adierazi eta aldi berean, oinarri aldaketa horiek herritarrengan oro har eta bereziki gazte zumaiarrengan eragin ditzakeen ondorioak azaleratu nahi izan ditu.

Gobernu kideen esanetan, alokairuaren prezio muga 700€tara igotzeak eragin zuzena izango du herriko alokairu merkatuaren igoeran. “Udalak alokairurako gero eta diru laguntza handiagoa eskaintzen duen heinean, etxebizitzen jabeek are garestiago jarri ahal izango dute etxearen alokairua”, azaldu dute. “Neurri horren bitartez, beraz, zumaiar gazteei mesede egitea bada EH Bilduren helburua, kontrakoa lortuko dela iritzi dugu, etekin garbi eta zuzenena ez baitute herriko gazteek lortuko, etxebizitzak alokairuan dituzten jabeek baizik”, gehitu dute.

Ildo beretik, neurri horrek jada alokairuan bizi direnengan ere ondorio kaltegarriak izan ditzakeela uste du gobernu taldeak. “Gaur egun “Alokairu Beka” ez den bestelako diru laguntza sozialak (GLL eta EPO) jasotzen dituzten 85 etxebizitza ditugu identifikatuta Zumaian alokairuan eta horietatik %85ak 600€ baino gutxiagoko hileroko kuota dute. Atzo onartutako neurriarekin, udalbatzak  700€tan finkatzen du herriko alokairu estandarraren prezioa, horrenbestez, zer gertatuko da etxebizitza horien jabeek, garestiago alokatu dezaketela jakinik, hileroko kuota hori igotzen badute?

Hori guztiagatik, udal gobernuak ez du partekatzen EH Bilduren udal taldeak aurkeztu eta ondoren udalbatzak onartutako igoera neurria. “Udal gobernu honek martxan jarritako “Alokairu Beka” programa aitzindaria izan da eskualde mailan eta oinarriak definitzeko garaian, gobernu kideok, beste hainbat programa aztertzeaz gain, Zumaiako alokairu merkatuaren azterketa sakona egin genuen eta horren emaitzetan oinarrituta ezarri genuen, hain zuzen, alokairurako 600€ko prezio muga”, azaldu du gobernu taldeak. “Ez dugu ulertzen zertan oinarritu den EH Bilduren udal taldea igoera hori planteatzeko, ez baitu Udalean bestelako azterketarik osatu ezta datu objektiborik aurkeztu ere”, gehitu du.

Erroldaren irizpidea jaistearen inguruan, EH Bilduk aurkeztutako proposamenean jasotakoaren arabera, neurri horren helburua da laguntza ahalik eta gazte gehienei helaraztea. Helburu horri jarraiki, udal gobernuak uste du, epea 2 urtera jaisteak inguruko herrialdeetako gazteen eskaerak areagotuko dituela, are gehiago Zumaia izanik Urola mailan errolda epe baxuena duen herria. “Zestoan 5 urteko errolda eskatzen dute, Azkoitian 3-5 urtekoa eta Azpeitian, aldiz, 10 urtekoa”, adierazi dute gobernu kideek. Hori horrela izanik, udal gobernuak uste du jada ez direla zumaiar gazteak izango besteen gainetik lehentasuna izango dutenak. Argi utzi nahi dugu udal gobernu honek ez dizkiela inoiz inguruko herrietako lagunei ateak itxiko, baina ulertzen dugu, udal aurrekontuetatik sortutako programak, herritarrek ordaindutakoak izanik, herritarrei zerbitzua ematera bideratu beharko litzatezkeela, zumaiarren bizi kalitatea hobetzera, alegia eta “Alokairu Bekaren” kasuan, gazte zumaiarrei zerbitzua eman eta herriko gazteen emantzipazioa bultzatzera.  Horregatik EH Bilduren neurri honek, ahalik eta gazte gehienei heltzea izanik helburu, ez ditu gazte zumaiarrak lehenesten ezta haiei, orain arteko erraztasun berak eskaintzen”, adierazi dute gobernu kideek.

Udal gobernuak, halaber, aipatu bi neurriek epe ertain luzera herritar ororentzat izan ditzakeen ondorioak azaleratu nahi izan ditu. “Gero eta laguntza eskaera gehiago jaso, Udalak are esfortzu handiagoa egin beharko du horiei erantzuna emateko. Horretarako, udal aurrekontuetan “Alokairu Bekara” bideratutako kontu saila handitu beharko du bestelako proiektu edota lanak egiteko inbertsioak murriztuz. Edozein kasutan herritarrak izango dira kaltetu zuzenak eta herritar guztiona den dirua erabili beharko da Zumaiakoak ez diren hainbat eta hainbat gazteen alokairua finantzatzeko”, azaldu dute gobernu kideek.

Guzti hori kontuan hartuta, EH Bilduren neurriak zeharo populistak direla adierazi du gobernu taldeak.  “EH Bilduk, gazte zumaiarrak lagundu nahi izatearen aitzakiaz baliatuta, arduragabetasun osoz jokatu duela deritzogu, ez baititu kontuan hartu ezta aztertu ere proposatutako neurriek zumaiar ororengan eta bereziki gazteengan izan ditzaketen eragin zein kalteak”, amaitu dute gobernu kideek.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide