GUTUNA. San Joseko igogailua dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2019ko mai. 22a, 11:34

San Jose kaleko bizilagun batek igogailuaren inguruan kaleratutako zalantzen aurrean, honakoa argitu nahi du Udalak:

San Jose auzoko irisgarritasuna hobetzeko, 11 jarduketa jasotzen zituen Plan Berezia onartu zuen Zumaiako Udalak.

  1. jarduketa: igogailua Eusebio Gurrutxaga eta San Juan egoitza artean.
  2. jarduketa: 25, 29, 30, 31, 32 eta 33 zenbakidun atarien arteko konexioa gauzatu irisgarritasun araudira egokituz.
  3. jarduketa: 31, 32 eta 33 zenbakidun etxebizitza bloketik San Joan egoitzarainoko konexio peatonala gauzatzea.
  4. jarduketa: ibilgailu sarrera irteera bermatzeko Odieta kalea zabaltzea.
  5. jarduketa: Odieta eta Arritokieta kaleen eta hilerrirako bidearen artean biribilgunea eraikitzea.
  6. jarduketa: San Jose kalea urbanizatu.
  7. jarduketa: Arritokieta kalea urbanizatu.
  8. jarduketa: San Jose kalea eta San Joan egoitza arteko eskailera eta plataforma bidezko konexioa gauzatu.
  9. jarduketa: igogailua San Joan egoitza eta eskolan artean.
  10. jarduketa: haur eskola zaharra eta inguruan aurkitzen den ekipamenduaren ingurua urbanizatu.
  11. jarduketa: hilerrirako eskailerak eraberritu irisgarritasun araudira egokituz.

Horietan lehentasuna eman zaio, bizilagunekin hala adostuta, igogailua egiteari, baina horrek ez ditu auzoko irisgarritasun arazo guztiak konponduko eta udalak gainerako 10 jarduketekin irisgarritasuna hobetzen jarraitu beharko du, kontuan hartuta, gainera, auzoaren ezaugarriengatik, eremu konplikatua dela.

Plan berezi horren aldaketa bat ere onartu du udalak, San Jose kaleko 28 zenbakidun etxean, bizilagunei etxeko igogailua eraikinaren kanpotik egiteko aukera emateko eta aurtengo aurrekontuetan, etxeetan igogailuak egiteko dirulaguntza berreskuratu du gainera, aipatu dirulaguntza 2013an kendu zen.

Mota honetako obrek eraikitzerako orduan egokitzapen txikiak izatea ohikoa da, kasu honetan, azken geldialdiaren kota egokitu behar izan da eta metro eta erdi inguruko diferentzia dago proiektuarekiko. Honek eragina du bi portaletako bizilagunengan, baina lanen baitan hartu beharreko erabaki bat izan da eta erabakia hartzerako orduan, herritarrengan, oro har, eragin txikiena izan zezakeen aukera lehenetsi da. Bestalde, gehiegizko malda zuten arrapala batzuk ere kendu eta eskailerak egingo dira, araudiak esaten duenari egokitzeko eta behin behinean, igogailua egin bitartean egin zen pasabidea ere kendu da, igogailua egin ahal izateko. Igogailuaren lanek ez dituzte bizilagun guztien behar guztiak aseko, horretarako jarduketa gehiago beharko dira, baina igogailuaren geldialdi guztiek bermatuko dute segurtasuna eta udalak helburu izan du jarduketa, honetan eta izango du baita ondorengoetan ere, San Jose auzoko irisgarritasun arazoak ahalik eta egokien konpontzea.

Zumaiako Udalak San Joseko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu du plan berezia onartuta, beraz, igogailua ez da izango azken jarduketa eta herritarrek parte-hartze prozesu baten bidez, markatutako lehentasunak jarraituko ditu lan horretan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide