Euskal Herrian, estatistikak aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria sexistak gora egiten jarraitzen duela: urtea hasi denetik 4 emakume erail dituzte. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuak eta inbisibilizatuak jarraitzen dutela.
Aurten, mugimendu feministaren beste mugarri batean, milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak, aski dela ozen esateko; milaka emakumek planto egin dute emakumerik gabe mundua gelditzen dela bisibilizatzeko; horrez gain, sistema judiziala patriarkala dela eta emakumeak babestu beharrean ardura haien gainean uzten dela aldarrikatu dute.
Indarkeria sexista gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna nagusienetako bat da, baina emakumeen aurkako indarkeria alderdi pertsonalei garrantzia emanez tratatzen da askotan, indarkeriaren egiturazko izaera horretatik kanpo kokatuz. Ez da nahikoa indarkeria adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da eta hori egitea, erakundeon ardura ere bada.
Zeharkako esku hartze integralak eta iraunkorrak abian jarri behar ditugu: berbiktimizazioa baztertuta, emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak; errudun bilakatuko ez dituen esku hartzeak eta, ahots propioa, eragile aktibo diren neurrian, aitortuko dizkieten esku hartzeak. Horretaz gain, bermatu behar ditugu genero ikuspegi ahalduntzailea barnebiltzen duen artatze sistema eta erreparazio prozesuak, bai banakoak, bai kolektiboak. Giza eskubideaz ari garen heinean, mota guztietako indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea bermatzea instituzioen betebeharra da.
Konpromiso hori, gizartea osatzen dugun eragile guztiok gure egin behar dugu. Denon erantzukizuna da bakoitzaren eragin-eremutik aurre egitea eta gure erakundeak aldatzea indarkeria matxista sortzen, biderkatzen edo normalizatzen duten heinean.
Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Zumaiako Udalak ondokoak gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu:
1.- Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du.
2.- Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
3.- Herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak.
4.- Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
5.- Nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduera iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.
6.- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu: omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak, akonpainamendu soziala, etab.
7.- Borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
8.- Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.