Martxoaren 4tik 11ra ikasle zuberotarrak gure artean izan ondoren, martxoaren 11n bertan, ostiral eguerdian, guztiok Zuberoara abiatuz ekin genion elkartrukearen bigarren zatiari. Lycée du Pays de Soule ikastetxera iritsi ondoren, zuzendariak eta ikasleen gurasoek harrera egin ziguten. Jarraian, ikasleak euren familiekin joan ziren asteburua pasatzera. Asteburu horretan, batzuek Maskarada ikusteko aukera izan zuten, beste batzuk Salieseko termetara joan ziren eta gutxi batzuek Oloroneko Lindt lantegia ere bisitatzeko parada izan zuten.
Aste berriari ekiteko, astelehenean gure ikasleek La Pierre Saint Martinen eskiatzen eman zuten eguna. Hurrengo egunean, lizeoko Gizarteko irakasle Robert Elissondoren eskutik, Maule ezagutzera joan ginen —gaztelua, herriko plaza, ibaia...— eta, besteak beste, espartinek XIX. mendetik aurrera Mauleko ekonomian izan duten garrantzia azaldu zigun, baita bertara joaten ziren Enara izeneko udako langileen historia ere. Jarraian, hitzez adierazitakoa gure begiekin ikusteko, Don Quichosse izeneko espartin-fabrikara bisitaldia egin genuen, non bertako jabeak pausoz pauso azaldu zigun nola egiten duten artisau-lan hori eta amaieran denok espartin pare bat erosteko aukera izan genuen. Arratsaldean, berriz, lizeoko Gorputz Hezkuntzako irakasle Jean-Philippe Étiennek hango eta hemengo ikasleen arteko badminton lehiaketa antolatu zuen kiroldegian eta, egia esan, bi ikastetxeetako ikasleak gogo handiz aritu ziren.
Asteazkenean, Mitxel Etxekopar adituaren laguntzarekin, Zuberoako folklorea, dantza eta abestiak ezagutzeko aukera izan genuen lizeoan bertan. Ondoren, kazetariekin —Zuberoko ahotsa, Sud Ouest…— elkarrizketak izan genituen, eta gure ikasleek, haien eta gure ohituren arteko desberdintasunek —ordutegiak, janariak...— atentzioa eman dietela aipatzeaz gain, argi azaldu zuten lizeoko ikasleen euskararen erabilera eskasak sortzen dien pena eta kezka.
Elkartrukearen helburu nagusia URA gai hartuta proiektu batean elkarrekin aritzea izanik, ostegunean ikasle guztiek irteera bat egin zuten, La Verna kobazuloa, Santa Graziko urtegia eta Ligiko zentral hidroelektrikoa bisitatuz, horien guztien balio eta garrantziaz jabetzeko.
Eta horrela, ia-ia konturatu ere egin gabe, iritsi zen azken eguna, ostirala. Maleta eta bizipenak bildu eta Zumaiara itzuli aurretik, lizeoko irakasle Pettan Ayçageren gelan sartu eta Geologiako praktika batean parte hartu zuten gure ikasle batzuek. Oso esperientzia interesgarria eta aberatsa izan zen bi ikastetxeetako ikasleak elkarlanean aritzea.
Amaitzeko, elkartruke honek eman diguna oso aberasgarria izan dela aipatu nahi dugu, alderdi askotatik, ikasleek gauza asko ikasi baitituzte eta batek daki bertan sortu diren adiskidetasun-harremanak noraino iritsi daitezkeen.