400 lagun. Guztiak EAEko ikastetxeetako hizkuntza normalkuntza teknikariak. Azpeitian bildu dira gaur urteroko Eskola Hiztun Bila topaketetan. Bertan aurkeztu ditugu Zumaiako Herri Eskolan egindako aurrerapausoak, esperientziak partekatzetik emaitza hobeak etorriko direla uste dugulako. Zehazki, aurreko ikasturtean egindako Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzak nola aztertu ditugun eta aurrera begira zein lan-ildo aurreikusten ditugun kontatu dugu. Zertarako? Bada, ikasturte honetan tajutzea dagokigun 2018-2022 Normalkuntza Plana aberasteko. Ebaluaziotik ikasi, aurrera egiteko. Bide honetan, akuilari lanetan aritu zaizkigu Urola Kostako Berritzegunea eta mahaiaren bueltan aritu dira lanean ZHEko zuzendaritza, irakasle-tutoreak, eta normalkuntza teknikaria. Barrura begira bakarrik ez, herriari begira ere euskararen arnasgune nagusietako bat izaten jarraitu nahi dugu. Eta horretarako ari gara prozesu honetan. Bidea luzea da, ordea, eta datozen hilabeteotan gure ekosistema hezitzaileko kide guztien aldetik ekarpen berriak bilduko ditugu, hainbat bidetatik, Normalkuntza Plan berria osatzeko.
Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide