2018ko apirilaren hasieran sortu zen Txikipedia, Euskarazko Wikipediaren haurrentzako bertsioa. Apirilaren 27an dugu Zumaia BHIn idatzitako aurreneko artikulua eta hurrengo ikasturteetan astebeteko ekinaldiak eginez artikulu sorta berriak idatzi ditugu, gehienbat zientziari loturiko artikuluak. Gure proiektuaren berri ematen ere hainbat tokitan izan gara; Bilbon, Tolosan, Arrasaten, Donostian, Zarautzen...
2020-21 ikasturtean pauso bat haratago eman eta ikasgai bihurtu dugu DBH 2. mailan. Hamaika ikaslek hartu dute parte aurreneko lauhilekoan eta guztira 81 artikulu idatzi dituzte; landareak, animaliak, fosilak, koloreak... Proiektu nagusia eskolako patioko zuhaitzen artikuluak egitea izan da, horretarako zuhaitzak identifikatu, argazkiak egin eta Commonsera igo, artikuluak osatu, irakurtzen grabatu eta argazkiak zein audioak artikulu horietan txertatu dugu. Artikuluaren QR kodeak ere sortu ditugu eta laister kokatuko ditugu patioan zehar gure artikuluak guztion eskuragarri egon daitezen. Urtarrilaren amaieran ikasle talde berri batek hartu du aurrekoen erreleboa. Gure lanaren jarraipena egiteko wikiproiektu bat sortu dugu. Klikatu ezazue esteka honetan: Zumaia BHI 2020-2021.