Ez dute baimenik eskatuko

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azurmendi 2019ko uzt. 31a, 09:11

Orain bi aste Kolonbiara lanera joateko zortea izan dut, Iberoamerikako emakumea eta kirola sarea berpiztu nahi dutela eta, arlo honetan egiten dugun lanaren berri emateko, eta bertan egiten ari diren proiektuak ezagutzeko. Ekitaldian parte hartzeko online inprimaki bat bete behar zen, eta atal zehatz batean bertara joateko nire nagusiaren baimena erantsi. Saiatu nintzen hori gabe bidaltzen, baina ez zegoen modurik. Azkenean, “ez dut inoren baimenik behar” jartzen zuen dokumentua erantsi nuen deseroso.

Egun gurean horrelakoak arrotzak iruditu ahal bazaizkigu ere, gure amonek aitari edo senarrari baimena eskatu behar zioten kirol lizentzia ateratzeko. Zorionez, gure gizarteak aurrera egin du eta emakumeak pertsona heldu eta autonomoak gara legalki, eta norbere erabakiak hartzeko eskubidea dugu. Esan behar da lorpen horiek batik bat emakumeen lanari eta aldarrikapenei esker etorri direla. Eta, hain zuzen, horixe da aurrerapausoak egiteko gakoa, baita kirol arloan ere.

Kirolean emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko, indarrean dagoen legedia betetzeaz gain, ezinbestekoa da emakumeek erabakiak hartzeko organoetan parte hartzea. Tradizioz gizonek, kooptazioaren eta sare informalen bitartez –nazioarteko ikerketetan “Old boys’ networks” bezala ezagutzen diren prozesuak–, emakumeak botere guneetatik at utzi dituzte; eta horrek eragina izan du historian zehar kirolean emakumeei esleitutako baliabideetan, kopuruan zein kalitatean. Ondorioz, Emakumeek aukera txikiagoa izan dute beraien jarduera garatzeko. Egoera hori bereziki nabarmena izan da gizonezkoen eremutzat hartu diren kiroletan, hain zuzen: arrauna, futbola, pilota eta txirrindularitza.

Alabaina, une historikoa bizitzen ari gara. Emakume arraunlariek ETE elkartea sortu zuten; emakume pilotariek EPE sortu berri dute. Azken hori, gainera, erakunde guztiz autonomoa, haien jardueraren baldintzak ezartzeko eta erabakiak hartzeko sortua; eta, nola ez, neska txikien artean pilota sustatzeko eta haiei ereduak eskaintzeko ere bai. Emakumezkoen futbolaren iraultza datorkigu, nahiz eta epe laburrean ikustear dagoen zenbat emakumek parte hartzen duten haien hitzarmen kolektiboaren negoziaketan. Eta lehendik ere hamaika adibide ikusi ditugu, hala nola, emaK-emakume kirolariak, Emakumea Surflari, Emakumea Piraguista, Emarri, Neskalatzaileak, etab.

Proiektu horien guztien arrakastaren oinarrian jabekuntza prozesuak daude, hots, emakumeak egoeraz kontziente izatea, berau hobetzeko indarra eta gogoa garatzea, eta haien arteko elkarlan sareak sortzea. Eta ondorioak handiak izango dira; izan ere, behingoz emakume kirolariak beraiek ari dira aldarriak egiten; norbere esperientzian zer ikusia duten erabakietan parte hartu nahi dute, eta ez daude prest baliabideen banaketan desberdintasun egoerak onartzeko. Horrek guztiak hautsak harrotzen ditu, orain arte pribilegioak izan dituztenek eskuak zabaldu beharko dituztelako eta atzerapauso bat eman aliatu moduan lan egiteko. Dena den, argi dago garai berri batean gaudela eta, oztopoak oztopo, emakumeek ez dutela baimena eskatuko kirol arloan parte hartzeko, ezta haien jarduerari buruzko erabakiak hartzeko ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide