Gaur egun bizi garen gizarte teknologizatuan berriak berehala bihurtzen dira zahar, eta ohartu orduko, minutu batzuk lehenago Twitterren mundu mailako trending topic zen gai bat erabat desfasatuta gera daiteke. Esan genezake hori gertatu zela orain dela urte gutxi errefuxiatuen krisiarekin. Gau eta egun aurki genitzakeen telebistan edota Interneten Mediterraneoan gertatzen ari zenaren irudiak; pixkanaka-pixkanaka aktualitatetik erabat desagertu arte. Badirudi, ordea, azkenaldian berriz indarra hartzen ari dela.
Errefuxiatuak egun batetik bestera gurean izango zirela zirudien, eta, horren ondorioz, Euskal Herriko zenbait txokotan talde ugari sortu ziren horiei harrera egiteko asmoarekin; testuinguru horretan sortu zen, besteak beste, Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldea. Oraingo egoerari erreparatuz, azpimarratzekoa da azken hilabeteetan Astral (Open Arms) eta Aita Mari (SMH) erreskate ontziek Espainiatik itsasora irteteko zein Europako zenbait herrialdetan lur hartzeko izan dituzten zailtasunak; bereziki Italian, Matteo Salvini Barne ministro zelarik. Itsasontziak portura iristeko baimenik ezean, Mediterraneoan bueltaka ibili ziren hainbat astetan zehar. Ezker instituzionala, azken urteetan, ez da gai izan erantzun tinkorik emateko egoera horren aurrean; hori da, besteak beste, eskuin muturraren gorakada azaltzeko orduan kontuan eduki beharreko faktoreetako bat. Jendea eskandalizatu egiten da eskuin muturrak fronterak ixtea aldarrikatzen duenean eta retrogrado gisa kalifikatzen dira neurri hauek; baina badirudi aurrerakoiak direla, aldiz, MENAk adin txikiko zentroetan edukitzea etorkizunerako alternatibarik eskaini gabe, etorkinak CIE-etan “preso” izatea, Europako zenbait herrialdetan errefuxiatuak kanpamenduetan egotea baldintza tamalgarrietan… Hori al da, benetan, errefuxiatu eta migranteentzat nahi duguna?
Asier Blasek dioen bezala, argi izan behar dugu errefuxiatuak ez direla egun batetik bestera zerutik lurrera eroritako fenomeno metereologiko bat. Horregatik, errefuxiatuen egoera ulertu eta horri erantzun tinko eta gogor bat emateko, beharrezkoa da arazoaren errora joatea eta azalean ez geratzea. Horrekin ez dut esan nahi une honetan gure ingurura iristen ari diren errefuxiatu zein etorkinei harrera egin behar ez diegunik; instituzio politikoen utzikeriaren aurrean elkartasunean oinarritutako erantzun bat beharrezkoa baita. Horren adierazle garbiak dira, esate baterako, aurreko urtean arazoaren aurrean besoak gurutzatuta geratu ez ziren eta honi irtenbide bat eman zioten Donostiako Txantxarreka eta Irungo Lakaxita gaztetxeak. Beste adibide bat izango litzateke, dudarik gabe, Gernikako Eztena proiektua; "langile klaseko sektore zapalduenek jasaten dituzten erasoei klase elkartasunez erantzuteko" jaio zena. 2018an Bloke Naranja eraikina okupatu eta, aipatu bezala, langileriaren esku jarri zuten; tartean, hainbat errefuxiaturen aterpe bilakatu zen.
Beraz, ezinbestekoa da kapitalismoaren eta inperialismoaren biktima diren errefuxiatu zein etorkinei besoak irekitzeaz gain, haien egoeraren zergatiak ulertu eta horiei erantzuten saiatzea, zapalduon arteko elkartasun sarea ehunduz.