MAIATZAK 1

Ofentsiba garaietan, antolakuntza saretu dezagun

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Tena Eizagirre 2020ko api. 30a, 18:21

Maiatzaren Lehena, dudarik gabe, langileon egutegian gorriz markatutako eguna da. Ez dugu, ordea, jaiegun soil gisa ulertzen; borrokan eroritako langileak oroitzeko, botere proletarioa indartzen jarraitzeko eta eraiki nahi dugun gizartearen zimenduak marrazten hasteko eguna da biharkoa.

Bestetik, urte guztian zehar gure alboan borrokatu duten kideekin elkartzeko aukera ederra izan ohi da maiatzak 1. Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, gogora datozkit duela urtebete Donostiako kaleetan barrena bizitakoaren oroitzapenak. Aldi berean, ezin ninteke ahaztu astelehenero Zumaian eta Euskal Herriko txoko desberdinetan elkartzen diren pentsiodunez, ezta kurtso hasieran haiekin Madrilera egindako bidaia ahaztezinaz. Beste hainbat dira azken hilabeteetan euren borrokak aurrera eraman dituzten kolektiboak (erresidentzietako langileak edo EHUko garbitzaileak, esate baterako) eta, testu honen bitartez, haiei guztiei besarkada handi bat helarazi nahi nieke; orain arte bezala, alboan izango gaituzue.

Gogora ekarri nahi nituzke, bestalde, COVID-19ak gogor kolpatu dituen langile familia guztiak, baita oinarrizko segurtasun neurrien faltan euren bizia arriskuan jartzera derrigortuta dauden beharginak ere. Biharko eguna elkarrekin igarotzea gustatuko litzaigukeen arren, zoritxarrez ez da posible izango; alarma egoeraren ondorioz, ezinezkoa baitzaigu kalera atera eta denok batzea. Hala ere, gerora aipatuko dudan bezala, horrek ez du esan nahi geldirik gaudenik; azken asteetan erakusten ari garen bezala, bizi dugun salbuespen egoeran heldutasunez jokatzen ari gara, oztopoak saihestuz eta gure jardun politikoa gauzatuz. Izan ere, burgesiak martxan jarri duen ofentsibaren aurrean, ezinbestekoa zaigu langileon arteko elkartasuna saretu eta antolakuntzaren beharra mahaigaineratzea.

Badirudi datozen egunetan “normaltasun berrira” egokitzeko lehenengo pausoak ematen hasiko direla. Guk, ordea, argi daukagu ez dugula normalitate deritzon egoera horretara itzuli nahi; izan ere, duela egun batzuk sare sozialetan ikusi nuen argazki batean zioen moduan, normaltasuna bera zen arazoa. Ez dugu orain arte inposatua zitzaigun eta, gutxi batzuen ongizatea bermatzeko, gizarteko zati handi bati sufrimendua eragiten dion bizi eredu krudelera itzuli nahi. Mundu berri bat daramagu bihotzean eta ez gara burgesiaren ogi apurrekin konformatuko; Nanni Balestrinik zioen bezala, “den-dena nahi dugu”.

Zentzu honetan, azpimarratu beharra dago krisi ekonomikotik hona ‘klase ertaina’ bizitzen ari den polarizazioak kapitalismoaren urrezko garaien nostalgia eragin duela gizarteko sektore honengan, baita euren bizi maila ezin mantendu ahal izateko beldurra eta egonezina ere; azken asteetan, COVID-19aren ondorioz, erabat areagotu da sentsazio hau. Baina kapitalismoaren fase fordistara eta Ongizate Estatuaren puntu gorenera itzuli nahi duten arren, ez da posible; kapitalismoa bere benetako aurpegia erakusten ari da. Gaur egungo kapitalismoaren fase postfordistan, Estatuak 70. eta 80. hamarkadetatik aurrera kontzesio sozialen bidez betetzen zuen funtzio amortiguatzailea, biztanleria merkatuko legeen indarkeria gordinetik babesten zuena, geroz eta kaskarragoa dela begibistakoa da.

Alderdi instituzionalek zein sindikatu erreformistek Ongizate Estatuarekiko etengabeko nostalgia adierazten duten bitartean, gazte langileok argi eta garbi diogu: kapitalismoaren garai horretara itzultzea ez da posible, baina ezta desiragarria ere. Hau da, gaur egungo testuinguru politiko zein produktiboak ez du ahalbidetzen Ongizate Estatuaren urrezko garaietara itzultzea; hala ere, gure helburua ez litzateke inolaz ere kapitalismoaren fase honetara itzuli eta bizi baldintza horiek berriro eskuratzea. Horren aurrean, klaserik gabeko gizartea eraikitzearen hautuan berresten gara.

Hala ere, Ongizate Estatuaren gainbehera eta azken urteetako krisia berregituraketa fase bat bezala ulertu behar ditugu; hau da, ekoizpen baliabideen eta langileriaren bizi ereduaren egokitzapena sustatuko duen burgesiaren klase-ofentsiba gisa. Izan ere, argi izan behar dugu azken urteetako krisia ez dela ekonomikoa soilik, baina ezta kapitalismoaren amaiera iragarriko duen gertaera ere; krisia kapitalismoari ezinbestekoa zaion tresna da, berregituraketa ahalbidetuko duena eta ziklo akumulatibo berriaren baldintzak mahaigaineratuko dituena.

Zehazki, berregituraketa honi erantzuten diote azken asteetan Coronavirusaren aitzakipean hartutako zenbait neurrik. Behin-behinekoak izatetik urrun, hainbat esparrutan sustatzen ari diren neurri hauek kapitala ziklo akumulatibo berrira egokitzen ari dela erakusten dute, ez dago dudarik. Egoera honetan, beraz, ezinbestekoa zaigu langileon antolakuntzaren beharra mahaigaineratzea eta gure babeserako mekanismoak martxan jartzea. Horren adierazle garbiak dira, esaterako, azken asteetan Gazte Koordinadora Sozialistak 'Burgesiaren Ofentsiba Gelditu!' lemapean abiarazi duen kanpaina politikoa edo hainbat herri zein eskualdetan garatzen ari diren ekimenak. Eredugarria da, benetan, militantzia sozialista erakusten ari den heldutasuna eta konpromisoa.

Hasieran aipatu bezala, maiatzak 1 oso egun garrantzitsua da guretzat, baina zapaltzen gaituen sistema kapitalistarekin amaitu eta klaserik gabeko gizartearen sorkuntza ahalbidetuko duen prozesuaren baitan soilik uler dezakegu. Horretarako, orain arte bezala, borrokan jarraituko dugu, langileon arteko elkartasuna ereiten eta antolakuntza saretzen. Izan ere, bidean batu gintuen ametsak bizirik jarraitzen du eta hau lortu arte ez dugu etsiko; orain, inoiz baino gehiago, argi diogu: ez gara ameslariak, esnatzen ari direnak baizik.

Gora langileon borroka!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide