Garenaren ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Ander Intxaurrondo 2024ko aza. 2a, 09:00

(Shutterstock)

Ander Intxaurrondok urriko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Bukatu zaigu uda, eta berarekin batera joan zaizkigu oporrak, eguraldi goxoak, egun luzeagoak… eta irailarekin batera, hemen dator urtaro berria, eta egunerokotasunari aurre egin beharrak dakarren egokitzea. Honekin batera, ohikoak dira sasoi berriari ekiteko geure buruari ipintzen dizkiogun erronka txikiak ere, hala nola kirola, yoga edo ikastaroren bat egitea, eguneroko errutinari aurre egiteko, eta geure burua zaintzeko eta mimatzeko tarte bat eskainiko digutenak.

Egunerokotasunari eta, orokorrean, bizitzari lotuta dauden errutina hauek aldaketak jasaten dituzte denboran zehar, malguak dira, dela lan aldaketa bat, kanpora joatea ikastera, bikote banantzea, gaixotasun bat…mila arrazoigatik. 

Baina, nire errutina mental eta emozionalak? Ze barne-elkarrizketa nagusitzen da? Horiek normalean ez dute oporrik izaten, gure izaera eta nortasunaren parte dira. Errutina horien artean badaude positiboak ere, baina ohikoak dira geure burua erasotzeko eta epaitzeko etengabe erabiltzen ditugun pentsamenduak, barru-barruan inprimatuta dauzkagun patroi edo modeloak, geure burua gutxiestera eramaten gaituztenak: "beldurtia naiz", "gizena nago", "ez dut asko balio", etab.

Neure buruari hainbeste aldiz matraka berdina ematen badiot, barneratzen badut hainbeste aldiz errepikatzen dudan hori Ni naizela, horrek guztiak nire izaeran eragin egingo du ezinbestean, eta nire burua kaltetzeaz gain, jendearekin harremanak izateko moduan ere eragina izango du. Bien arteko hartu-eman batean nire jokaerak erantzun bat sorraraziko du bestearengan, eta jasotzen dudan erantzun hori nire izaeraren araberakoa izango da, beste hori ni naizenaren ispilu bilakatzen da. Nik neure burua ez badut errespetatzen, beti aurkituko dut nire sentimendu hori konfirmatuko duen zerbait: "Banekien, ez naute errespetatzen".

Ez da erraza, baina kontziente egiten banaiz nolako kaltea egiten didaten hainbatetan errepikatzen ditudan pentsamendu negatibo horiek, pauso txikiak ematen has naiteke. Nik nire pentsaeran, hitz egiteko moduan, posturan edo betiko nire patroi errepikakorretatik aldentzen den edozein mugimendu desberdin egiten badut, iritsiko zaidan erantzuna ere aldatu egingo da, ezinbestean. Betiko moduan jarraitzen badut nire ingurunearekin hartu-emanean, aldatzeko inolako asmorik gabe, jasoko dudan erantzuna orain artekoaren berdina izango da. Beti berdin jarraitu eta emaitza desberdinak jaso nahi izatea erokeria dela esaten zuen zientzialari famatu batek.

Gaur egun, kanpotik datorkigun orori asko begiratzen diogu: arrakasta, estatusa, garaipena, dirua… etengabe ari gara gure burua estutzen kanpora begira, neure buruari ukatzen diodan onarpen hori besteek emango didatenaren esperoan. Neurriz kanpoko auto-exijentzia horrek eramaten gaitu hain kasu gutxi egiten diogun geureganako indarkeria erabiltzera. Eta indarkeria benetakoa da, zeren geure buruarekin erabiltzera iritsi gaitezkeen barne-elkarrizketa suntsitzailea inondik inora ez genuke inoiz erabiliko beste edozein pertsonarekin.

Errespetua, maitasuna, tolerantzia, barkamena…hainbeste entzuten eta eskatzen ditugun hitz polit horiek geure buruarekin erabili behar ditugu aurrena ezinbestean, bestela zaila egingo zaigu beste inori hori eskaintzea edo eskatzea. Garen hori islatzen dugu ispiluan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide