Izenburua irakurri eta bularra puzten zait. Onena naiz. Nire belarrientzat zeruetako musika da behin eta berriz errepikatzea. Berdin du zertan: kirolean, ikasketetan, lanean edo bideojokoetan. Zerbaitetan ona izateak poza ematen du, oso ona izateak zer esanik ez, baina onena izateak... Horrek kristorena izan behar du! Txaloak, laudorioak, dirua, boterea... Ume-umetatik barneratzen dugu arrakastak ekar diezagukeena ez dela txantxetakoa. Ni besteen gainetik nago, hobea naiz, berezia. Sar dezala bakoitzak multzo honetan berak arrakastaduntzat hartzen duen edonor. Irabazleak dira, gure gizartearen ereduak, miretsi egiten ditugu.
Arrakasta lortzea gaur egungo gizarteko helburuetako bat bihurtu da esparru desberdinetan. Baina nahiz eta pertsona bakoitzak bere definizio propioa duen bizitzan arrakasta edo porrota lortzearen inguruan, irabazlearen edo galtzailearen pertzeptzioa ez da norbanakoaren fenomeno bat, gizarteak berak baldintzatutako arau eta balioen menpe dago. Gizarte eraikuntza bat da nolabait. Eta batzuetan gizarte aitortzaren bilaketa etsian erortzen gara, eta horren ordaina da gure mugimendu naturalak, benetakoak, traizionatzea.
Arrakasta lortzeko gakoak zein diren askotan entzuten edo irakurtzen ditugu, dela sare sozialetan, komunikabideetan edo baita pertsona arrakastatsuek beraiek esanda ere. Lan gogorra, sormena, pertseberantzia, arriskuak hartzea, egoera ezezagunei aurre egitea... Hori da egin beharrekoa persona arrakastatsu batean bilakatzeko. Baina pateretan etortzen diren etorkinek ez dituzte soberan betetzen baldintza horiek? Edo esklabutza baldintzetan lan ordu piloa sartzen dituzten milaka pertsonek? Ez, horiek galtzaileak dira.
Ni urrutirago iristen banaiz bizitzan (edo nik urrutiago kontsideratzen dudana behintzat), besteak baino hobeago naizelako da. Gainontzekoak ez badira iritsi, behar adina ez direlako saiatu edo ez daukatelako nire talentua. Ni irabazle bat naiz, beraien gainetik nago. Besteak erdipurdikoak dira. Nahi duzuna izan zaitezke gogor lan egiten baduzu. Irabazlea versus galtzailea. Lehiaketaren gizartea.
Baina ohiz kanpoko lorpenak izan arren, pertsona arrakastatsu askok atsekabe sakona eta barneko hutsune handia sentitzen dute, eta ezin dute beraien arrakastaz bete-betean gozatu. Baina, nola da posible? Dena dauka eta! Gizartearen ikuspegitik garaile bat da, bizitza primeran doakio, baina berak ez du hori sentitzen. Norberaren errealizazioa ez dago gugandik kanpo dagoenaren menpe, diru asko edukitzearen edo lorpenen menpe, baizik eta gure barnean, norbera izatean.
Besteek laudatuko luketen pertsona mota bihurtzen saiatzeak ez du satisfakziorik ematen. Nik gizartean araututako arrakastaren bila bideratzen baditut nire ekintzak besteen onarpena eta txaloak lortzeko, nahiz eta nire helburuak lortu, ez zait benetan iritsiko besteen maitasuna, nire benetako Ni-a nire portaera artifizialaren atzean ezkutatu baitut. Txaloak eta laudorioak McDonaldseko hanburgesak bezalakoak dira; betetzen dute, asetzen dute, baina ez dute elikatzen.
Jasone Osorok bere Arrakasta saiakera liburuan Euskal Herriko hainbat pertsona ospetsu elkarrizketatzen ditu gai honen inguruan, eta bertako ondorio nagusietako bat da arrakasta norbere buruarekin gustura eta lasai egotea dela. Horixe bai benetako erronka!