Izpiak eta hizkiak

Aratz Rodriguez

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko api. 17a, 15:00

Hondarribian jaio nintzen, 1986an. Zumaiakoa ez banaiz ere –hiru urte eta erdi daramatzat hemen bizitzen–, orain gutxi, atletismoko emaitza batzuk zirela eta, zumaiartzat jo ninduten. Familiari mezu bat bidali nion: “Begira, dagoeneko adoptatu naute Zumaian”. Egia esan, inoiz ez dut izan lotura esturik nire jaioterriarekin, eta arraroa da hori, hondarribiarrek oso barrenean daramate eta Hondarribikoa izatea.

Txikitatik egin dut lan. Hamasei urterekin hasi nintzen lanean ostalaritza arloan. Astebururo egiten nuen lan, eta nahiko erreta bukatu nuen; ostalaritza utzi nahi nuen. Hondarribia eta Irun inguruan logistikako enpresa asko daude, eta logistikako goi mailako ziklo bat egin ondoren, segituan enpresa batean hartu ninduten. 2008an, krisialdiagatik, ziurgabetasuna nagusi zen. Nik lan egiten nuen enpresa beste batekin fusionatu zen, eta ez nekien lana mantenduko nuen. Garai horretan nire entrenatzailea Gipuzkoako Atletismo Federazioko zuzendaritzan zegoen, eta esan zidan idazkari nagusi postua atera zela. Orduan 22 urte nituen. Idazkari nagusi lana hartu nuen eta lau urtez egon nintzen han. Izen handiko lanpostua zen, baina, aldi berean, federazioa txikia zen, baliabide handirik ez nituen, eta ikasi ere ez nuen asko ikasten. 25 urterekin unibertsitatera itzuli nintzen, eta orain berriro logistika lanetan nabil.

Korrika egitea gustatzen zait. Esango nuke kirolaria baino gehiago atleta bezala ikusten dudala nire burua. 15 urterekin hasi nintzen korrika. Orain bi urte lesio bat izan nuen, eta korrika egin ezin nuenez, bizikletarekin hasi nintzen. Txirrindularitza gustukoa dut, baina bai, nirea korrika egitea da. Indarra lantzea ere gustatzen zait. Egunen batean korrika egitea utziko banu, indarra mantentzeari emango nioke garrantzia.

1.500 metroko distantzia izan da nire gogokoena, nire betiko distantzia, baina orain urte batzuk distantzia aldatu nuen, eta 3.000 eta 5.000 metroko lasterketak egiten hasi nintzen. Beti aritu izan naiz pistan, baina negu partean, prestakuntza moduan, krosak eta asfaltoko lasterketak korritzen aritzen gara.

Erdi mailako atleta bezala ikusten dut neure burua. Jubenil eta junior mailetan Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan nintzen. Seniorretan lehena, bigarrena eta hirugarren izan naiz hogei urte hauetan zehar 1.500 eta 3.000 metrotan, baita krosean ere. Senior mailan, 2011. urtean Espainiako txapelketako finalerdietara heldu nintzen 1.500 metrotan. Zortzi edo hamar urte izango ziren orduan Gipuzkoako edo Euskadiko atleta bat ez zela distantzia horretako txapelketara sailkatu. Espainiako txapelketara joateko denbora minimoa lortzea erronka izan da beti niretzat, eta guztira bost aldiz sailkatu naiz finalerdietara: 2011n, 2017an eta 2019an pista estalian; eta 2017an eta aurten, 2022an, aire librean. Aurten, baina, ez naiz joango.

Orain gauzak pila bat aldatu dira. Iraupen edo iraupen erdiko maila ikaragarri igo da azken urteetan, eta orain EAEko bospasei neskak lortu dituzte txapelketara joateko denbora minimoak. Hori oso aberasgarria da kirolarentzat.

2017. urtean, Gipuzkoako inoizko hirugarren denbora onena egin nuen 3.000 metrotan. 2000. urtetik denbora hobetu gabe zegoen. Bada, ordutik hiru neskak hobetu dute nire denbora, eta orain Gipuzkoako seigarren denbora onena dut distantzia horretan. 10.000 metrotan, berriz, Gipuzkoako bederatzigarren denbora onena nirea da.

Emaitza oso garrantzitsua da niretzat kirolean, dena ez esatearren. Kirolak gauza asko ematen dizkizu, baina zu asko saiatzen bazara, eta jarritako helburuak lortzen ez badituzu, horrek frustrazioa sortzen dizu. Emaitza bat lortzen saiatzen gara, finean. Egia esan, postuetan ez naiz inoiz fijatu; beti atera naiz marka ona egitera. Hemendik 40 urtera ez da inor zutaz akordatuko, baina zerbait geratzen bada, lortzen duzun rankinga izango da.

Noiz arte jarraituko dudan korrika? Nik uste bizitza osoan jarraituko dudala.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide