Izpiak eta hizkiak

Encarna Sanchez Torralba

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko eka. 27a, 16:30

BALEIKE aldizkariaren ekaineko zenbakiko Izpiak eta hizkiak ataleko protagonista izan da Encarna Sanchez Torralba.

Villanueva de la Veran (Caceresen) jaio nintzen 1961ean. Euskal Herrira etorri ginen, eta Zestoan bizi izan ginen ezkondu eta Zumaiara etorri nintzen arte. 1983an etorri nintzen hona. Lehen aldia zen beste herri batera bizitzera joaten nintzela. Herritarrek oso ondo hartu ninduten, eta oso erraza egin zitzaidan Zumaiara ohitzea. Dena nuen gustukoa: herria, paseoak, bizilagunak.   

Txikia nintzela ezagutu nuen sanpedroetako danborrada. Gurasoek ahizpa eta biok ekartzen gintuzten Zumaiara, San Pedro jaietara. Arropa estreinatzen nuen, eta festak izugarriak ziren. Nik orduan ez nituen santelmoak ezagutzen, eta festa hauek, sanpedroak, zoragarriak iruditzen zitzaizkidan. Poza, emozioa sentitzen nuen, eta maite nituen festa hauek. Sanpedroak eta santelmoak, biak maite ditut. Santelmoetan bandera igotzen dutenean oilo-ipurdia jartzen zait. Denborarekin atzeman dut San Pedro jaiak atzean geratu direla, eta horrek pena handia ematen dit. Nik gorenean ezagutu nituen, eta galtzen ari direla ikusteak pena ematen dit. Zergatik gertatu da hori? Zergatik galdu dira? Alkateari, zinegotzi guztiei eskatuko nieke gauzak hobeto banatzeko. Santelmoak oso ondo joan dira, baina zertxobait emaiozue sanpedroei ere. 

Santelmoetako danborradak festa horiei eskaintzen dien gauza bera ematen die gure danborradak sanpedroei. Guk zailtasun bat dugu, ordea: santelmoetakoa beti egiten da asteburuan, zorte hori dute; sanpedroetakoa, berriz, beti da San Pedro egunaren bezperan, eta asteko eguna aldatu egiten da. Asteburuan tokatzen denean, publikoa ziurtatuta dugu; bestela, ez hainbeste. Horregatik, jendeari kalera ateratzeko eskatzen diogu.  

San Pedroetako Danborrada elkarteko presidente bihurtu nintzenean, 2018. urtean, elkarte gastronomikoek danborradan parte hartzeko saiakera egin nuen, beste herri batzuetan egiten den bezala: Zestoan, Zarautzen… Bada, elkarte bakarrak hartu zuen parte. Jendea danborrada honetan parte hartzera animatu nahiko nuke. Diote jende zaharrarena dela. Barkatu, baina ez. Gure danborradako jendeak santelmoetakoan parte hartzen duen bezala, zergatik ez dute haiek gurean parte hartzen? Oso ondo pasatzen dugu! Bizitzen duzun arte ezin duzu kontatu. 

Barrila jo izan dut beti; barrilarekin hasi nintzen, eta hala jarraitzen dut: gehiago gustatzen zait barrilen soinua danborrena baino. Barrilek soinu goxoagoa dute, politagoa, asko gustatzen zait. Baserritarrez joan ginen azken urtean hasi nintzen danborradan, eta hurrengo urtean gaur egungo uniformearekin atera ginen. Lehen urtean atera nintzenean sekulako lotsa pasatu nuen; ez nuen nahi gurasoek ni ikusterik, pentsatzen nuen akatsen bat egingo nuela, eta ez nuen nahi ni izan nintzela ikusterik! Gero, bigarren urtetik aurrera, dena ondo joan zen.

Bi urte daramatzagu atera gabe pandemiagatik. Elkartearen 25. urteurrena bete behar genuen 2020. urtean, eta gure asmoa elkarteak berriro tentatzea zen, baina ezin izan genuen ezer egin. Ospatu gabe geratu ginen. Aurten bai, keinu bat egin behar diogu elkarteari, baina ez dugu gauza berezi gehiagorik antolatu, asteartea tokatzen da eta. Baina gogoarekin gaude, berriro jotzeko, baina hegoak zertxobait moztuko dizkiguten beldurrarekin. 

Gure danborradan jendea faltatzen hasi zaigu. Tamalez, batzuk gaixotu egin dira, jendea hil ere egin da. Gazteak eta edadetuak hil dira, eta pena da, baina ordezkorik ez dugu izan. Zer gertatuko da probatzeagatik? Zer gertatuko da guk uzten dugunean? Dena galduko dela. Horrek ez al dio jendeari pena ematen?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide