Izpiak eta hizkiak

Harkaitz Bastarrika

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko uzt. 30a, 19:00

BALEIKE aldizkariaren maiatzeko zenbakiko Izpiak eta hizkiak ataleko protagonista izan da Harkaitz Bastarrika.

Eibarren jaio nintzen, 1975ean, Franco hil baino zertxobait lehenago. Bartzelonan egin nituen musika ikasketak, eta garai hartan zazpi taldetan jotzen nuen batera. Denetik jotzen genuen: flamenkoa, jazza, musika latinoa, brasildarra… Hainbeste taldetan jotzen egonda ere, ez nintzen gai musikatik bizitzeko. 2008ko krisialdiaren garaia zen, eta hiri handietan gogor jo zuen. Astebururo genituen kontzertuak, baina sarreratik lortzen zenetik 20 bat euro ematen ziguten emanaldiko. Hori kontzerturako lokala erabiltzeko ordaindu behar ez genuenean. Garai hartan pizza banatzaile izan nintzen, Mercabarnan kamioiak deskargatzen ere aritu nintzen, hori ikasketak ordaintzeko eta bizi ahal izateko. 

Gitarra eta baxua irakasten ditut Zumaiako Musika eta Dantza Eskolan. Azken 11 urteak daramatzat hemen lanean. Bartzelonan ere aritu nintzen irakasle, eta hemen, Euskal Herrian, Agurainen eta Getarian ere aritu naiz lan honetan. Bartzelonan nengoela ikusi nuen egoera oso gogorra zela. Entseguetara joateko metroan kolatu egin behar izaten nuen, txartela erosteko dirurik ez nuelako. Lana aurkitzea ere zaila zen. Hona bueltatu nintzen, eta bi urtez tabernari lanetan aritu nintzen. Gero, Zumaiako eskolatik deitu zidaten. Garai hartan TikTara sortzen ari ginen, eta garbi nuen ez nuela tabernan lanean jarraitu nahi. Musika jotzea gustatzen zait, baita irakasle izatea ere; sen hori badaukat. 

Bartzelonan musika estilo ugari jotzen aritu nintzen, talde askotan. Hona etorritakoan zerbait egin nahi nuen. Han, Bartzelonan, musika jarduera izugarria nuen, baina dirurik ez; eta hemen dirua bai, baina musikarik ez. Lagun batzuk elkartu ginen, eta erabaki genuen musika latinoa egingo genuela, baina euskaraz. Tabernari nengoela, beraiek etortzen ziren kafea hartzera, eta zer egin pentsatzera. Kantak nik sortzen nituen, baina moldaketak-eta denok batera egiten genituen. Kalitatezko musika egin nahi genuenez, hitzak ere kalitatezkoak izatea nahi genuen. Hainbat lagunekin hitz egin genuen horretarako. Bat Mikel Antza zen; idazlea zen, baina orduan kartzelan zegoen, Frantzian. Letrak egiteko ezin genizkion audioko artxiborik bidali, eta sudokuen bidez komunikatu ginen: nik zenbakien bidez esaten nion zenbat silabako estrofak izan behar zuten, eta berak letrak jarrita erantzuten zuen. Letra bat heltzen zen bakoitzean, hori niretzat oparia zen. 

Salsa eta musika latinoa jotzen dugu taldean. Agian orain ez da hain ohikoa izango, baina gure aitona-amonek entzuten zuten bere garaian, eta dantzatu egiten ziren herriko plazetan. Rocka bere indar guztiarekin etorri zenean, latinoa zaharren musika bihurtu zen. Nire anaia oso gazte zela Ameriketara joan zen, eta hango salsa diskoak ekarri zituen etxera. 12-13 urterekin punka, salsa, jazza eta 60ko hamarkadako musika guztia entzuten nuen. Musika sortzen hasi ginenean kutsu oso kubatarra zuen, baina flamenko ukituak ere bazituen. Baita musika arabiarrekoa ere. Berora, hegoaldera begirako musika egin dugu. Entzun, ikasi eta esperimentatu dugunaren isla da TikTara. 

Buruan sartu digute ez dakigula dantzatzen, baina rocka dantzatzen ere ez dakigu. Argentinan egon nintzenean ikusi nuen nola dantzatzen zuten rock and rolla, eta haluzinatu egin nuen. Ska ere ez dakigu dantzatzen, baina hala ere ska kanta bat jartzen badigute, han hasten gara dantzan. Musika latinoarekin ere berdina gertatzen da: son kubatar bat entzutean, kunbia bat entzutean, zure gorputzak eskatzen badizu besoak altxatzeko, listo, dantzan ari zara! Azkenean, erritmoa eramatea da. 

Taldea abiatu genuenean hasi nintzen abesten; ordura arte familian-eta kantatu nuen, baina inoiz ez publikoaren aurrean. Hasieran bertigoa sentitu nuen; ez nekien eskuekin zer egin! Eskuak beti okupatuta nituen, gitarrarekin edo baxuarekin, edo perkusioarekin ere bai. Horregatik uste dut hasi nintzela marakak-eta ikasten. Baxua beste talde batzuetan ere jotzen dut, kolaborazio moduan. Hainbesteko denborarik ez dut, eta beste taldeetan baxua jotzeko neure buruari jarri nion muga zen benetan gustatu behar zitzaidala talde horrek jotzen zuen musika. Bestela, gauza puntualak egiten ditut bizipoz hori mantentzeko.  

Pandemiak ere eragina izan du taldearen funtzionamenduan, eta zazpi izanda, oraindik eta gehiago. Elkartzeko toki falta izan dugu denbora askoan. Proiektu batekin lanean egon gara, baina distantziatik. Baina baditugu kontzertu batzuk aurrean. Disko berri bat ateratzeko gogoa badugu, baina gaur egun disko bat ateratzea lan gogorra eta luzea da. Disko polit bat aterako duzu, baina gurea bezalako talde baten kasuan guretzat eta gure ingurukoentzat geratuko da. Saldu ditugu diskoak; Japoniatik edo Kolonbiatik eskatu dizkigute. Baina, berez, diskoak ateratzeko ohitura duzulako egiten dituzu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide