Izpiak eta hizkiak

Maitane Arruti

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko urr. 30a, 09:00

BALEIKE aldizkariaren iraileko zenbakiko Izpiak eta hizkiak ataleko protagonista izan da Maitane Arruti.

Zumaian jaio nintzen 1982an. Merkataritza ikasi eta arropa denda bat zabaldu nuen. Kafetegi baten ardura daramat orain, baina hori ez zen inoiz nire asmoa izan. Esan daiteke zeharka heldu zitzaidala. Gure aitak jolastokia zuen Arranplan, eta ikusita makinen erabilera jaitsi egin zela bideojokoak-eta etxean sartu zirenean, makinak kendu eta izozki eta litxarreria denda jarri zuen. Aitak esan zidan ea jarraitu nahiko nukeen negozioarekin. Garbi nuen ez nuela litxarreria dendarekin jarri nahi, eta buelta asko eman ondoren, kafetegia zabaldu genuen. Donostiako Tabakalerako kafetegia eramaten duen jendeak lagundu zigun hasiera hartan, zorte hori izan genuen. Egia esan, ostalaritzarekin ez nuen aurretik harremanik izan; nire lagunek bai, baina nik ez. Ez nekien ezer ere horretaz, baina animatu nintzen, eta aurrera atera genuen. Kafetegiarena ez zen egun batetik besterako zerbait izan; proiektu handia zen eta urteak pasatu ziren dena martxan jartzerako. Denbora batean, sei hilabetez edo, arropa denda eta kafetegia batera eraman nituen, honetan zentratu nintzen arte.

Aitarena zen negozioa eta aldatzeko asmoa genuela esan genionean oso ondo hartu zuen. Aitak beti bultzatu gaitu; batzuetan berak gogo gehiago zuen guk geuk baino! Beti izan da berrikuntzaren aldekoa, inoiz ez du beldurrik izan; ni zuhurragoa izan naiz beti. Amaren aldera atera naiz! Aitak hasieratik zioen proiektuak “osoa” izan behar zuela, lokal osoa hartzen zuena; nik, berriz, nioen probatu egin behar genuela, ea funtzionatzen zuen, inbertsio osoa egin aurretik. Azkenean arrazoia eman diogu aitari! Oso harrera ona izan du; herriaren erantzuna ikusi dugu, eta jendeari gustatu zaio. Garbi nuena zen ez nuela “beste” kafetegi bat izatea nahi. Tabakalerako kafetegiko jendearekin hitz eginda, ikusi genuen kafea ateratzeko beste metodo bat bazela, beste kafe bat ere bai. Tostadekin ere berdin, zerbait berezia egin nahi genuen; klasikoak mantenduta beste zerbait egin nahi genuen, probatzen joan, eta, egia esan, klasikoak, mantekilla eta mermeladarena, oso gutxi ateratzen dugu gaur egun. 

Makinak genituen garaian ere izozkiak saltzen genituen. Gure aitak izozkiak egiteko makina bat zuen gela txiki batean. Hasieran bi zapore ateratzen ziren, eta biak konbinatuta hirugarren bat ere egiten zuen. Ikusita jendeak gustura jaten zituela, izozkien bitrina jarri zuen. Lehen izozkiak denon artean egiten genituen. Beldur pixka batekin hasi ginen, gauza berria zen-eta. Orain ere jarraitzen dugu izozkiak egiten. 

Kafetegiak bi fase izan dituela esan daiteke. Lehen urteetan espazioaren erdia bakarrik hartzen zuen, eta take away (eramateko) kontzeptua zuen. Aulki gutxi batzuk zeuden, baina asmoa zen eramateko kafeak ateratzea. Baina konturatu ginen eserita kontsumitzeko eskaera zegoela. Atzeko partea biltegi bezala erabiltzen genuen, eta urte eta erdira-edo hura zabaldu eta atzean jangela modukoa jartzea pentsatu genuen. Obradore txiki bat genuen, eta hori ere handitu egin genuen. Dena guk egindakoa da: tostadak, pastelak..., dena, eta hor konturatu ginen zerbait handiagoa behar genuela, sukalde txiki horrekin ez genuela asko egiten. Gero, urtean zehar ikastaro batzuk-eta egiten ditugu Bartzelonako etxe batekin, eta hor bonboiak, turroiak eta bestelakoak egiten ikasi dugu. Pixkanaka gauzak sartzen joan gara.

Negozioaren izena mantendu dugu, Maiaur. Izena ahizpon izenengatik dator: ni Maitane naiz, eta ahizpa Aurkene. Bi alabon izenak elkartzetik dator izena. Egia da nik izena aldatu nahi nuela. Niretzat bizitza etapez osatuta dago, eta uste nuen aurreko etapa bukatu zela. Gozokien dendarekin jarraitu nahi nuen? Ez, etapa hori bukatuta zegoen, bideojokoena bukatu zen bezala. Beste etapa bat zen, beste pertsona bat nintzen, eta beste zerbait nahi nuen. Gero konturatu naiz jendeak Maiaur, Joxemarirena edo bolera bezala ezagutzen gaituela. Beno, Maiaur bezala jende gutxik, egia esan. Jende helduarentzat Joxemari izango da eta gazteagoentzako bolera. Taberna askok izena aldatu dute, baina aurrekoagatik ezagutzen da oraindik ere. Aldatu nahiko nuke, baina nik uste hala jarraituko duela; ez nau horrek molestatzen.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide