Zumaiatik ere "Hassanna libre"

Erabiltzailearen aurpegia Axier Lopez 2015ko urt. 27a, 11:18

Hassannaren egoeraren aurrean Euskal Herriko eragile anitzak batu eta urtarrilaren 31a larunbata, arratsaldeko 17:00tan Bilbon manifestazio nazionala egitea adostu dute. Zumaiatik ere gure ekarpena egingo dugu eta manifestaziora joateko autobusa antolatu dugu. Tiketak Inper eta Metro tabernetan eros daitezke 10 euroan. Busa larunbatean 15:45ean abiatuko da Hortz Klinikako bus geltokitik.

Hassannaren kasua

Hassanna Aalia (1988 Aaiun) 2011an atxilotua, torturatua eta espetxeratua izan zen. 2010. urtean Gdeim Izik (duintasunaren kanpalekua) bezala ezagutu zen protesta baketsuan parte hartu izanagatik. 2013. urtean epaitu zuten, bera presente izan gabe Marokoko Epaitegi militarrean.

Hassanari zein beste zenbait sahararri, bizi osoko espetxe zigorra ezarri zien auzitegiak (2013ko otsailaren 17an), aipaturiko kanpalekuaren antolaketa leporatuta. Inguruabar honetan gogoratu nahi dugu Rabaten buruturiko epaiketa militarra nazioartean gaitzetsia izan zen, eta bertan izandako ikuskatzaileek honen funts gabezia argia salatu zuten.

Epaiketa burutu zenean, bera Hego Euskal Herrian aurkitzen zen, eta jadanik eskatua zuen Asilo politikoa Espainian (2012an eskatu baitzuen, epaiketa militarra burutu baino lehen). Honek hiru urte beranduago eman
dio ezezko erantzuna, jakinik Hassanna bere sorterrira itzultzeak atxiloketa, torturak eta bizi osoko espetxealdia suposatzen dituela. Irmoki salatu nahi dugu Espainiar Gobernuaren erabakia, logika ororen eta oinarrizko eskubideen aurkakoa baita.

Geroz eta ageriagoa da Espainiar gobernuak Marokorekiko duen hurbiltasuna, eta hau horren urrats bat gehiago besterik ez da. Konplizitate eta kolaborazionismo horren atzean dauden interesak ez dira berriak Espainiak Saharar lurrak legez kontra Marokori esleitu zizkionetik ez baitute etenik izan.

Aski da, eta gaurkoan ere Espainiari bere zor historikoa kitatzeko unea aspaldi igaro zela oroitu nahi diogu, Giza Eskubideen aurka egiteko unea amaitu dela. Ez dugu onartuko Hassanna Marokora igorri eta bizi osorako kondenatzea. Are gutxiago Saharar herriaren aurkako eraso berri baten parte izatea. Guk gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu bai Hassannari zein bere inguruari ere, eta baita nola ez Saharako herriari.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide