Kataluniako RAC1 irratian badago asteroko tarte bat Il·lustres execrables izenekoa, azkenaldian engantxatuta naukana. Malcolm Oterok eta Santi Giménezek pertsonaia historiko baten biografia hartu eta haren miseria guztiak destripatzen dituzte sarkasmo handiz eta inoiz entzungo duzun musikarik txarrenaz lagundurik. Normalean ez dira errazkerian erortzen pertsonaiak aukeratzean –egiten dituzten txisteez beti ezin da gauza bera esan–: ilustre gaitzesgarrien zerrendan ez dago Hitlerrik edo Mussolinirik –spoiler: artikulu honetan bai, baina geroago–, kontakizun publikoak bereziki larrutu ez duen jendearen alde iluna deskubritzea da grazia. Eta behin kontatzen dutena entzunda, duda gutxi geratzen zaizu giza espezieak ekoiztu duen zaborra uste duzuna baino handiagoa dela.
Euskal Herrian mota horretako programa bat egiten hasita, pertsonaia autoktonoen artean badago zer hautatua. Gustura entzungo nituzke Otero eta Giménez, adibidez, aste honetan Bilboko Arte Ederren museoan erakusketa inauguratu dioten Ignacio Zuloagari buruz hizketan. Prentsak erakusketari buruz dioenari kasu eginez gero, Eibarren jaiotako margolariaren dimentsio unibertsala azpimarratu nahi izan dute komisarioek, besteak beste margolariari ezagutzen ez zitzaizkion 60 koadro erakutsiz.
Ez dakit, ez baitut Arte Ederren museotik pasatzeko aukerarik izan, ea beheko koadro hau sartu ote duten Zuloagaren figura erreskatatu nahi duen erakusketa horretan.
El País-ek erakusketaren inaugurazioaz argitaratu duen piezan jaso ditu Miguel Zugaza Arte Ederren museoko zuzendariaren hitzak: erakusketak aztertzen dituela, beste gauza batzuen artean, Zuloagak frankismoarekin izandako “coqueteo”-ak. Zehazki hiztegiaren arabera “coquetear” maite-jolasak egitea da eta ez dakit nik hori ote den hitzik egokiena deskribatzeko margolariak bere bizitzako azken urteetan zer egin zuen Espainiako Estatuan milaka herritar –eta demokrazia bera– masakratu zituen erregimenaren alde.
Zehatzagoa irudituko litzaidake esatea Zuloaga faxismoaren propagandista konbentzitua izan zela. Baina klaro, faxista bati atzera begirako erakusketa bat ireki diozula esatea, zertarako eta bere figura berreskuratzeko asmoz, ez da oso ondo geratzen kameren aurrean.
Zuloagaren alde polita erakustea tokatzen da orain eta ez, demagun, bere koadroak kolekzionatzen zituen Alice Garretti idazten zizkion gutunetan ikusten den Zuloaga hura; adibidez, 1939an, zera idatzi zuena: “Gracias a Dios, y a Franco, ¡al fin se ganó la guerra y terminó! Y terminó, a pesar de los deseos de los países llamados democráticos – ¡que farsa, qué vergüenza, cuando estos países conocían la verdad de este drama! Todos trabajaremos con todas nuestras fuerzas para reconstruir una nueva España (libre, grande y unida) Españolizar España, y deshacernos de todas las influencias externas, de modo que podamos conservar nuestra gran personalidad. Ese es mi sueño en el arte”.
Ez da gerra bukatzean alkandora urdina jantzi zutenetakoa, lehenagotik zuen joera: 1938rako pintatua zuen Toledoko Alcázarraren setioko heroiei eskainitako koadroa –nolabait Picassoren Gernika-ren antitesia dena, bai apustu estetikoan, baita, bistan denez, politikoan ere–. Urte berean eman zioten Benito Mussolini saria Venezian. Francok Hitlerri pelota egiteko asmoz koadro batzuk oparitu nahi izan zizkionean ere, gure margolari eibartarraren hiru pieza aukeratu zituen. “Coqueteo”-ak.
Bilboko erakusketak ez ditu Zuloagaren ikono frankistak erakutsiko, “haien interesa sinbolikoa delako artistikoa baino gehiago”, El Paísen arabera. Kuriosoa da bereizketa hori, artistaren eta haren obraren artekoa –defendatzen dudana, portzierto– nola egiten den gehienetan artistaren ideologia eskuinekoa eta nazionalista espainiarra denean; eta zein gutxitan izaten diren halako eskrupuluak sortzailea beste pelaje ideologiko batzuetakoa denean.
Baina gainera, interes artistikoaz ere asko hitz egin daiteke: 98ko belaunaldikoa izan arren, XX. mendearen lehen erdi osoan luzatzen da Zuloagaren itzala eta Oteizak eskaini zizkion hitz ez oso politetatik ondorioztatzen denez, belaunaldi berriekin mesfidatia zen, baita, noski, abangoardien eskutik zetozen eraldaketa estetikoekin ere. Figurazioa eta errealismoa, ez zegoen besterik. Goiko paragrafoan garbi azaltzen du bere programa artistikoa: fuera atzerriko eraginak. Alegia, oso kontserbadorea zela artistikoki ere: kontuan izan zenbat berritu zen pintura Zuloagak bere gordinkeriak margotzen zituen bitartean.
Aparte, Oteizari kasu eginez gero, diruzalea ere bazen: “El principal personaje de Zuloaga es el que solicita su retrato y paga bien”, utzi zuen idatzia margolariaren beste tropelia batzuen berri ere emateko probestu zuen Grandeza y miseria de Zuloaga testuan.
Ez dakit, ez bainaiz Bilboko Arte Ederren museora joan erakusketa ikustera, ea lortuko duten kontutxo hauen gainetik pintorearen alderdi interesgarriren bat erakustea. Dakidana da, igual museo horrek funtzio kultural garrantzitsuagoa beteko lukeela gure beste margolari eta artista ez hain ezagun eta segur aski interesgarriagoen ikerketa eta berreskuratzean lan egingo balu, ez baitut uste Zuloagari kalte handiegirik egingo dionik haren abizenaren hasieran sartuta jarraitzeak.