Umeak berriro baztertuta: lan egin edo kontsumitzen ez dutenez, 23 ordu etxean

Erabiltzailearen aurpegia Axier Lopez 2020ko mai. 11a, 11:53

Gurasoontzat konfinamendu egoera honetan haurrek ia zentralitate osoa hartu dute egunerokotasunean, baina agintarientzat (izan Espainiako ala Jaurlaritzako) existituko ez balira bezala jokatzen ari dira. Orain behintzat badakigu zergatik izan daitekeen, Jaurlaritzak lehen fasera pasa garela sinestarazko egin dituen aldaketei esker: soldatapeko lana eta kontsumoa bermatzea dute ardatz neurri eta murrizketa guztiek. Eta haurrak horretan ez daudenez, 23 orduz etxean sartuta jarrai dezatela. Baina, lasai, orain kaleko 60 minutu horiek, umeek etxetik kilometro batera baino urrunago dagoen taberna batean pasa ditzateke.

Umeak 43 egunez etxean preso izan zituen Espainiako Gobernuak eta horregatik kritika gogorrak jaso zituen. Orain Jaurlaritzak ikuspegi helduzentrista berari eutsi dio eta, zaila zirudiena lortu du, beste zenbait arlotan are ikuspegi zigortzaileagoa eta murriztaileagoa ezarri du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaurtik aurrera, helduok nahieran eta nahi beste ordu mugi eta egon daitezke aire zabalean, lanera joateko edo kontsumitzeko baldin bada. Supermerkatuan erosi, bankura joan edota tabernetako terrazan garagardoak edaten eguna pasatzeko, ordutegirik ez. Liburutegiak, museoak eta kultura-ekitaldiak egiten dituzten lokalak ere itxita, krisi garaietan kultura zertarako, ezta?. Kirola bai, noski. Baina, kasu, korrika ez den aire zabaleko beste zerbait egin nahi baduzu, kirol klub pribatuak irekita izango dituzu, polikiroldegi publikoek itxita jarraituko baitute.

Hau da, dirua gastatzeko edota soldatapeko lana edukiz gero, konfinamenduaren debeku nagusiak iraganeko kontuak izango dira zuretzat.  Euskal Oasiko “normaltasun berria”. Baina ez al da “zerbait” falta? Eta umeak?

Lan egiteko eta kontsumitzeko edadea ez baduzu, orain arte bezala jarraituko duzu. 14 urtetik beherako pertsona bazara, 60 minutuz kalera ateratzeko aukera izango duzu zuk eta zure zaintza eta heziketaren ardura (orain osoa, eskolak itxi eta harreman sozialak murriztu zituztenetik) dituztenak.  Alegia, atzo bezala, baina ezberdin. Teleberrian aurrerapauso gisa saldu dute: “Gurasoek erabakiko dute ordubete hori taberna bateko terrazan ala plaza batean jolasten eman nahi duten”. Esaldia ez al da poesia hutsa, helduzentrismoari egindako olerkia?

Egiari zor, aldaketarik egon badago. Orain kilometro batera baino urrunago joan eta itzul zaitezke 60 minutu horietan. Paseoa edo jolasa baino, gurasoek eta umeek korrika egiteko gonbita, ote? Helduen kasuan, alboko herrira joan daitezke, lasterka, bizikletan edo menditik oinez. Baina ez senideak edo lagunak ikusteko. Haurrek ere ez.  Kirol pribatu/indibiduala, “odolaren” araberako familia, kontsumoa eta lan asalariatua. Normaltasun berriaren ardatzak.

Umeak ez dira existitzen, ezta zaintza lanak ere. Telelana, bai.

Umeek, momentuz behintzat, ez dute lan egiten, baina lana ematen dute. Eta edadearen arabera, ez edonolakoa gainera. Orain jarduera ekonomikoa berraktibatu nahi dute, jende guztiak nola edo hala lan egin eta kontsumitu dezan erraztasunak ematen ari dira. Eta bien bitartean, beste batzuek, askok, telelanean jarraitzen dute, eta beste askok ere zaintzen jarraitzen dugu, inork jakin gabe nola egingo dugun bizitza “produktiboa” eta zaintza batera mantentzeko, gizartearen eta generoaren arteko arrakala are gehiago handitzearen kontura ez bada noski.

Ondo baino hobeto daki hori umeen zaintza eta telelana uztartzen ari denak edota kidea lantokian den bitartean bakarrik egun osoz umeen kargu dagoenak. Horren emaitza da, osasun mentala kaltetzeaz gain, askok aiton eta amonengana bideratu behar izatea, egun horrek dakarren arriskuarekin. Umeak ez dira existitzen deskonfinamenduan, ezta hoien zaintza lanak ere.

Beraz, umeak etxean egotera behartuta egoteaz gain, fisikoki eta psikikoki horrek dakarren guztiarekin, etxe barruko panorama ere ez da egokiena.

Konfinamendua hasi eta ia bi hilabetera, lehen ikerketen baten arabera, handitu egin da genero-arrakala: etxeetan zaintza-karga esponentzialki hazi da, eta gizonen parte-hartzea handitu bada ere, emakumeek hartzen dituzte zeregin gehienak, lan-malgutasunaren kontura.

Lehen egunetik, zenbait gizon eta emakume asko (bai, gauza batzuk ez dira aldatzen “normaltasun berrian”) eszedentziak hartzen, soldatarik gabeko baimenak hartzen edo lanari zuzenean uko egiten. Edo, sarean hainbatek salatu duen bezala, seme-alabak etxean bakarrik utzita, beren lanpostura itzultzeko agindua jasotzean.

Zaintza eta kontziliazio hitzak ez dira inon agertzen lana eta kontsumoa ardatz dituzten politiketan. Zehaztasun gehiagoz dakigu terrazetan nola elkartu gaitezken, aldi berean lana egin eta 23 orduz etxean sartuta egotera behartzen dutenen zaintza nola egingo dugun baino.

Jatorrizko artikulua ARGIAn.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide