Guk ere hala, duela ia berrogei urte, nekazaritza giroko eskola txikietan aritzen ginen hainbat irakasle elkartzeari ekin genion. Elkartu, izan ere, Arandiaren helburu berberaz: guk ordezkatzen genuen eskolen ahots bateratua izatea. Ezkutuan eta ahaztuta zeuden eskola haien arteko sarea ehundu eta indartzeko.
Eskola haien beharrak hain ziren handiak, eta irakasle bakoitzaren esparrua hain, nolabait esateko, hertsia, non bakoitza eguneroko lanak irensten zuen.
Nioen bezala, biltzen hasi ginen, ez dakit ondo zeinen ekimenez. Bilkurak igual Adunako puntan egiten genituen, eta eskolako orduz kanpo, noski. Haietan premia nagusiak zein ziren eta eman beharreko pausoak zehazten saiatzen ginen. Irakasle talde hark ez zuen egitura legalik, baina, hala ere, Hezkuntza Sailean hitzordua lortu genuen gure ordezkaritza bat ikuskariarekin elkartzeko. Beraz, kolektibo bezala hasi ginen funtzionatzen.
Giza baliabide eta behar materialaz gain, eskolen iraupena zen gure kezka, bat edo beste itxiak zeudelako ordurako, eta irizpide global eta ekonomizista saihets zezaten zen gure nahia. Herriak eskolarik gabe uztea onartezina zen. Ahalegin horretan gurasoak ere ez ziren atzean geratzen, eta euren esku zegoen guztia egiten zuten.
Berehala, nahiz eta pixkanaka, hasi ziren lorpenak iristen: koordinatzaile liberatu bat, hori bai, Gipuzkoa osorako bakarra, hasieran (a zer enbajada berea!). Geroxeago, irakasle laguntzaile partekatuak heldu ziren, lau eskoletarako bat (haren ibilera ez zen nolanahikoa, ez, aldapan gora eta behera, batetik bestera ibili behar beti).
Gerora, berariazko irakasleen etorrerarekin-eta, heldu ahal izan genion pedagogi arloko elkarlanari; hala, bailarako irakasleek elkartzeko tarteak hartu ahal izaten genituen.
Urteroko Eskola Txikien Festari dagokionez, hasieratik ikusi genuen oso interesgarria izan zitekeela eskola txikietako haurrek elkar ezagutzea. Hasierako urte haietan, gehienbat, irakasleak arduratu ginen antolaketaz. Gerora, berriz, ia erabat gurasoen esku geratu da egun horren inguruko antolaketa guztia. Eta nolako oihartzuna izatea lortzen duten! Izan ere, nork ez daki urtero Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egiten dela ekainean?
Aurten, Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ekainaren 10ean egingo da Oikian, noiz eta, hain zuzen, bertako eskola eraikin berriaren egitasmoa oso aurreratuta dagoen honetan. Bejondeizuela zuei ere, lorpen horren atzetik aritu zareten guztioi, eta lehenbailehen hura eginda ikusteko ditxa izan dezagula guztiok.