Gaixoak eta Gabon Korua

Erabiltzailearen aurpegia Gabon Korua 2021ko aza. 30a, 11:37

Ekintza xume bat ohitura bilakatu daiteke...

Azken aldi honetan “Pandemia”, “txertoa” edota “positibotasun maila” bezalako hitzak arruntak bihurtu zaizkigu. Ez dira, ordea, gaurko kontuak. Orain, zergatik gaude Gabon Koruaren leiho digital honetan gai hauek komentatzen?

Gaur egun, gure inguruan aspaldiko kontu bat bezala ikusten dugun arren, XX. mendeko erdialderantz tuberkulosiak garrantzi handia zuen gure gizartean. 1928an eraikitzen hasi eta 1933an ireki zituen bere ateak Andazarrateko erietxeak. Asteasuko lurretan zegoen kokatuta, herrietatik ez oso gertu eta “mendiko haize osasuntsuaz hornituta”. Esan baita ere, gizonentzat zela eta Donostian zegoela beste erietxe bat emakumeentzat prestatuta.

Bertan ingresatuta zeuden zumaiar haur batzuk eta Gabonak gerturatzen ari ziren. Garai zailak ziren haiek diru aldetik, Zumaiak oraindik Gerra Zibilaren ondorioak pairatzen baitzegon. Beharraren aurrean, ordea, herriko mutil kuadrilla batek ideia bat izan zuen, abenduaren 24ko arratsean, Gabon arratsean, kantatzera irten herriko kale eta tabernetara, poltsa pasa eta bildutako diruarekin Andazarraten zeuden herritar haiei opariak erosi.

Ekintza xume hark eman zion hasiera gaur egun ezagutzen dugun Gabon Koruari.  Agian, opariak jaso ondoren, ume haien aurpegiak ikusita egindakoaren garrantziaz ohartu ziren eta jarraitzeko gogoa piztu zitzaien. “Kanta kantari” abestian agertzen den moduan “ gure gaixoen onagaitik” kantuan irteten jarraitu zuten herriko kaleak musikaz betez.

Esan, baita ere, Andazarrateko erietxeak 1953an itxi zituela bere ateak, Donostian kokatutako “Torax” erietxeak ordezkatu zuenean (gaur egun Amara Ospitalea). Eraikina eskola publiko bezala erabili zen arren, kokapenari lotutako eragozpenak medio, 1971ean betirako itxi zituen bere ateak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide