Katilukada bat

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2019ko ots. 1a, 10:55

The Wire telesaileko eszena bat: alkate ohi beteranoa eta alkatetza irabazi berri duen gaztea bildu dira kafetegi batean.

Gaztea hasi da berriketan:

-Alkatea mendean hartu dut, Tony. Ez zen batere erraza!

-Alderdiak kontuan hartu beharko du. Hain gazte eta eder, ziur planak dauzkazula. Oraingoz, hiria gobernatu besterik ez egin.

-Tony, galdera bat egin nahi dizut: zergatik ez zinen aurkeztu zure lehen agintaldia amaitu eta gero?

-Utz iezadazu istorio bat kontatzen, Tommy. Alkatetza hartu nuen lehen egunean, egurrezko eserleku dotore batean eseri ninduten, gauza ederrez inguratuta. Pentsatu nuen “Ba al dago hau hobetzerik”? Ondoren, Pete sartu zen. Portzelanazko katilu eder bat zekarren, ikaragarri handia. "Sindikatuek bidaltzen dizute", azaldu zidan. “Nire lehen eguna ospatzeko bidaliko dute”, pentsatu nuen. Mahai gainean utzi zuen. Barrura begiratu eta nazkagarria zen. “Zer da hau?”, galdetu nuen. “Zuri zer iruditzen zaizu?”. “Kaka dirudi... Zer nahi duzu honekin egitea?” “Jan”, erantzun zidan. “Jan?”, “Bai, alkatea zara, jan egin behar duzu...”. Nire lehen eguna zen, Petek nik baino gehiago zekien kontu hauetaz... Jan egin nuen. Amaitu nuenean, atea jo zuten berriro. Pete zen, beste katilukada batekin, beltzek bidalitakoa. Jan egin nuen. Atzetik beste katilukada bat. Poloniarrena. Jarraian, ministroena. Eta badakizu zer, Tommy? Hori da. Kaka jaten pasatzen duzu egun osoa, egunez egun, urtez urte. Ohartu nintzen arte asko hobeto nengoela abokatu lanetan, nire familiarekin.

Eszena hau ikusi eta gure zinegotziekin akordatu naiz. Seguru udaletan esperientzia ez dela hain gordina, baina "politikak kiratsa dario" mantra hain zabalduta dagoen gure gizarte posmoderno honetan, gogoa behar da pauso bat aurrera egiteko. Egin zure zortzi orduak lantokian; nola hala, molda zaitez etxeko ardurei aurre egiteko; agur zuretzat behar zenuen denborari; bihar batzordea, irakurri txosten hauek; kriket taldekoek lokala nahi dutela, pentsatu non sar ditzakegun; kalean, begirada arraroak, agur ukatuak eta agur esperogabeak, eta errietaren bat ere bai, "gure kalea desastre" dagoelako. Eta hanka sartzen duzu, noski, ez zarelako perfektua, ez zarelako Justin Trudeau; eta zure kontraesanak agerian gelditzen dira egunero, galderak dauzkazulako erantzunak baino gehiago...

Ez gaude ardurak hartzeko prest, ez dugu marroirik nahi, baina pausoa egiten duena gupidarik gabe larrutzeko ez dugu asko behar. Nire partetik, goizero katilukada bat kafesne zinegotzi izan diren, diren eta maiatzaren 26tik aurrera izango diren guztientzat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide