Luca

Erabiltzailearen aurpegia gortu 2024ko mar. 18a, 10:00

Smithyk eta Asierrek zabaldutako bide bat da Luca. Smithyk egindako kronikan dituzue bideari eta bidearen izenari buruzko xehetasun guztiak. Barraskiloen ertzaren hasieratik oso hurbil dago bide horren hasiera.

Iaz zabaldu zuten, eta Peloiak, espedizio-buruak, begiz jota zeukanez, hara abiatu ginen biok larunbatean, martxoak 16.

Autoa Eginon utzi ondoren, hormarantz jo genuen. 

Peloiak kontrakoa badio ere, aldapa ederra dago bidearen hasierara iristeko. Iritsi zen Peloia, eta dezente beranduago, ni.

-Erreta hao! -Peloiak, maitasunez.

-Ba motel.

Bidearen hasiera markatzen duen plakatxoari argazkia atera nion.

Esan beharrik ez dago Peloiak ekin ziola eskalatzeari, betiko legez. Aurtengo negua euritsua izan da, eta larunbata baino lehen beste behin bakarrik izan dugu eskalatzeko aukera. Bageneukan gogoa.

Hasi zen Peloia gorantz tirrika-tarraka.

Lehen luzea bertikal samarra da, eta hankak non jarri ondo begiratu behar da, besaurreak alferrik ez nekatzeko. 

Bukatu zuen luzea, eta abisua emandakoan, gorantz jo nuen nik ere. Lehen luzea beti kostatzen da, eta larunbatean ere halaxe gertatu zitzaidan.

Bilgunean materiala trukatu eta bigarren luzeari ekin nion.

Konplikaziorik gabeko luzea da, gozatzekoa.

Peloia ere txintxo etorri zen nire atzetik.

Bilgunetik Egino herriari argazkia atera nion.

Selfia egin behar genuela ere bururatu zitzaion Peloiari.

Flamante-flamante bi gazteak.

Hirugarren luzea Peloiarentzat zen. Han abiatu zen bigwall baterako adina materialekin.

Pixka bat gorago, posatzeko eskatu nion. Ea horrela kritikaren bat bada ere jasotzen dugun.

Luze horrek ere ez dauka zailtasun berezirik, aurrekoaren antzera. Baina bigarrenean zein hirugarrenean, haitza ezin hobea da, itsasgarritasun handikoa. 

Bukatu zuen luzea eta handik gutxira elkarrekin geunden berriro ere, hirugarren bilgunean. Hortik aurrera, zapatillak jantzi eta ezkerrera jo behar da, bigarren zatia hasten den lekura.

Lehenago argazkia atera nion Peloiari hirugarren bilgune horretan.

Peloiak esaten zuen markaren bat edo jarri behar zutela, bigarren zatirako bidea nondik nora doan adierazteko. Nahiko intuitiboa da, baina ez legoke gaizki kordinoren bat edo zerbait uztea, seinale moduan.

Iritsi ginen bigarren zatia hasten den espoloira.

-Hiri tokatzen zaik -Peloiak.

-Bazekiat. Itxura polita zeukak espoloiak. Ea zer moduzkoa den.

Ekin nion luzeari. Hasieran oso erraza da, baina lehen paraboltera iristerako aurreko segurua oso behean geratzen da, eta tentuz ibili behar da parabolta txapatzeko. 

Hortik aurrera bidea ederragoa da, eta pozik iritsi nintzen laugarren bilgunera. Peloiaren txanda.

Esango nuke bosgarren eta azken luze horren hasieran dagoela bideko pausorik gogorrena. Hala iruditu zitzaigun bioi.

Luze ederra da bosgarren hori.

Hona hemen luze horretako hiru une.

Peloiak ere niri argazkia atera zidan luzea amaitu baino lehen.

Gora iritsi, katu oinak kendu, eta bilgunea prest zeukanean, eskalatzen hasteko abisua eman zidan:

-Nahekenian!

Eta gora ni ere.

Hemen bideko azken zatian.

Iritsi nintzenean, bostekoa eman, “ez gatxuk makalak” esan, eta traste guztiak soinetik kendu nituen.

Hiruna intxaur jan, soka jaso, eta jaitsierako bideari ekin genion. Brisa ederra zegoen, eta uste baino askoz goxoago egon ginen kamisetan hutsean.

Ea hurrengoa noiz tokatzen den!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide