Momentuko egoerak, errealitateak, azken emaitza baldintzatzen du, baita eginiko lan hori modu publiko batean azaldu behar izateak ere, eta horrek gu publikoa eta gu barnekoa bereizi behar izatea dakar.
Artistek ere egiten dute bereizketa hori, beraientzat diren lanak eta publikoarentzat direnak bereiziz. Badaude bere garaian ezkutuan geratu ziren artistak ere, Vivian Maier argazkilaria, kasu. Vivian Maierren lanek ez zuten argia ikusi haren heriotza arte, haur zaintzaile lanetan aritu baitzen gaur hain famatu egin den argazkilaria. Haren egunerokotasuna islatzen duten argazkiak dira gehienak, baita autoerretratuak ere, berak bere burua ikusten zuen modua azaltzen digutelarik horiek.
Ondorioz, esan dezakegu argazki horiek Vivian Maierrek bere errealitatetik mundua ikusteko zuen modua adierazten digutela, barnekoia. Baina ongi interpretatzen ote dugu ikusmolde hori guk? Ez ote gaituzte helburu batera zuzentzen? Edo dagokion errealitatetik at ikustean ez ote digu azken emaitza hori baldintzatzen?
Izan ere, argazki horien helburua ez zen argitaratzea, are gutxiago museo batean esekirik publiko zabal bati zuzenduak izatea; erabiliak izatean bere benetako esanahia eraldatu edo galdu egin dutela ere esan genezake. Emakume arrunt baten etxean aurkitutako argazkiak artelan bilakatu direnez, mitifikatuak izan dira, eta horrek publikoak haiek ikusteko zuen ikusmoldea ere baldintzatu du.
Maiz, saiatzen gara buruan duguna azaltzen, eta ez dugu jakiten azaldu nahi izan dugun hori guztiz ulertu ote duen hartzaileak, irudiak baitira gu hitzez azaltzen saiatzen garen hura. René Magritte pintore surrealistak azaltzen zuen modura, hitzaren eta geure buruko ikusmoldearen edo irudiaren artean arrakala bat baitago.