LANTZAGIRUA - Zuregatik Ama

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko uzt. 21a, 09:10

9 urte nituen osabak telefonoz deitu zidanean, gazte mailetan patroi falta zeukatela eta ea probatzera joango nintzen, amari begiratu nion eta buruarekin baietz egin zidanez, baiezkoa bota nion osabari.

Ia-ia berari eskutik helduta joaten nintzen klub barroraino, "Ama, nik ez det nahi hoiekin!" esaten omen nion beldurtuta, 14-15 urteko gazteak zaharregiak zirelakoan. 

Zumaian Aristi abizena arraunari lotuta dagoela argi dago. Nik esan behar dut, arraunarekiko daukadan zaletasuna eta gusanilloa bizitza osoan ia arraun bat ikutu ere egin ez duen Mexikon jaiotako emakume batek sartu zidala. Hasieran, bideo kamera batekin etortzen zen gure estropadak ikusi eta grabatzera, ondoren, argazkiekin hasi zen. Ez zuen gure estropada bat bera ere galtzen, "Ama, ez dakazu zertan danak ikustea etorri ber ee?" esaten nion gazte mailako epoka independentista horietan, eta, azken urte hauetan, ordaindu egingo nuke bera estropada denak ikustera etor zedin. 

Arrauna zergatik gustatzen zitzaion galdetu izan diot; paladen soinua, arraun guztiak uniforme eta batera ikustea, argazki bat atera eta txipristinak azaltzea... Asko erlaxatu eta oso polita iruditzen zitzaiola esaten zidan. Gaztea zenean, aitak eramaten omen zuen estropadak ikustera, Zumaia orain baino zertxo bait hobeto ibiltzen zen garai horietan.

Arrauneko argazkiak ateratzen gustora aritzen zen, anaiak eta biok estropada izan gabe ere, estropadetara joaten zen, gero internetera igo eta jendeak bere argazkiak eskuragarri izateko. Ez zen batere argazkilari ona konsideratzen, baina gustora egiten zuen hobby bat zen, eta iruditzen zait, arraunlari askok gustora ikusi izan dituztela berak igotako argazkiak.


Ama eta argazkilariaz gain, guretzat entrenatzaile pertsonal, masajista, psikologa... Dena izan da. Paolbidetik guri ikusi eta "Gaur ondo" "Pala asko altzatzen zenula iruditu zait" "Pare bat aldiz arrauna lehenago sartu dezu" entrenatzaile lanak egiten zizkidan askotan, eta nik arrazoia eman behar, azkenean xorro-xorro estropada mordo bat ikusitakoa izango da eta. 


Konfinamendu garaian ere, nola ez, ergometroa egin duen gurasoen elkarteko kidea da, egunero 10-20 palada ematen zituen topera, errekorra jartzera, 146 watt-etan jarri zuen berea, eta errekorra hobetzen zuen bakoitzean hartzen zuen pozak eta ematen zion indarrak, ez zuen preziorik guretzat, eguna alaitzen zion, eta guri bizitza ematen zigun.


Ezin dut hitzekin adierazi zein garrantzitsua den eta zenbat maite dugun anaiak eta nik, eta usten dut hori jakinda joan zaigula, berak guri eta guk berari askotan esan baitiogu asko maite dugula. Esker hitzak besterik ez dauzkat berarentzat, arraunaren zaletasunaz gain, beste guztia ere eman didalako. 

Eskerrak eman nahi dizkiot ere beraretaz akordatu den jende guztiari, asko izan zarete eta zuen partetik berotasun eta maitasun handia igerri dut, asko animatu nau horrek aurrera egin ahal izateko.

‌Hemendik aurrerako palada on eta txar guztiak, zuregatik eta zuretzako izango dira.

‌Eskerrik asko Ama.

Argazkia: Joxeju Olasagasti

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide