LANTZAGIRUA - Azken Olatua

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Aristi 2020ko ira. 4a, 15:43

Atzoko Kontxako sailkapen estropadan 19. amaitu genuen, gure denboraldiari dagoenekoz amaiera emanez.

Sailkatzeko postuetatik oso urrun izan gara eta askorentzat ez da izan sorpresa bat. Lehenengo luze ikeragarri baten ondoren, gure ligakoen artean 3. postuan ginen, guztira 16., hala ere, bueltako luze ez hain on bat burutu eta guztira 19. postuarekin  geratu behar izan genuen, getariarrengandik 2 segundu eta Deustuko bilbotarrengandik 8 segundutara. Emaitza desatsegina, baina horrelako mailako sailkapen estropada batean, ez dago hain erraza postu ona lortzea, lehenengo mailako txalupa asko baitaude.

Nik, harrotasun hitzak besterik ez dauzkat nire taldearentzat. Arraunean ONDO egiten jakin izan dugulako, askotan, gezurra dirudien arren, emaitzen gainetik sentsazioak egon ohi direlako, egoera zailei talde bat bezala aurre egiten jakin izan dugulako eta gure arteko harremana lagunartekoa izan delako.

Dena den, hori izan da gure denboraldi honetako laburpena: Sentsazio onak emaitza onen gainetik. Ez dugu izan "Top 4"ko posturik, baina bai izan ditugu momentuak txalupak azkar joaten dakiela ikusi ditugunak. Zer ote da hobea, arraunketa on bat hartu ala emaitza on bat lortzea? Aukeran biak, dudik gabe, baina uste dut epe motz-ertain batera lehenengoak bigarrena ekarriko duela. Eta gu aurten, arraunketa berri bat hartzen hasi gara pixkanaka, horrek dakarren denbora eta pazientzia guztia kontuan izanda. 

Hartzen ari garen arraunketa on horren egileak izen eta abizenak ditu, gure entrenatzailea den Iñaki Larrañagarenak, hain zuzen. Eskerrak eman berari, denboraldi osoan zehar gurekin izandako pazientziagatik, eta ilusioa galdu xamar zuen talde bat hartu eta arraunerako grin hori berpizteagatik. Eskerrak eman ere Larraren emaztea Naiarari, denboraldian egon diren une on eta zailetan gurekiko gertutasun handia erakusteagatik.

Entrenatzaile on guztiak behar izan ohi duen bezala, Larrak ere laguntzaileak izan ditu denboraldian zehar, Iker Peña eta Jon Martin gazteak (Ikerrek lagundu baino kontrakoa egin ote duen dudatan nabil...). Bromak aparte, eskerrik asko biori, eta aipamen berezia Iker Peñari, negu eta konfinamendu osoko entrenamenduetan gurekin arraunean egin ostean, lesio bat dela medio arrauna uzteko erabaki gogorra hartu behar izan baitzuen aurtengo denboraldiz, bere denbora libreko tarte handi bat fuerabordan pasatuz. 

"Staff teknikoaz" aparte, aurten jende asko izan dugu Telmo Deun taldeari laguntzen, horietako bat Leire Antia izan da, eta aurten Orioko jaitsieran Llagüt ontzi gehien aurreratu dituen patroiaren errekorra ipini du, besteak beste. Urko Unanue eta Unai Osa "Buruji" ere, patroi izan ditugu askotan, taldeari esku bat baino gehiago botatzera etorrita, beharra egon den garaietan. 

Ezin naiz geratu Luis Mari Goikoetxea "Goiko" aipatu gabe, egunero klubean batenbat egon bada lanerako prest, bera izan da. Estropadetan animatzeko bota dizkigun bullak, aurtengo egoerak ekarritako publiko falta zertxobait estali du. Botatzen dizkigun errietak ere faltan botako ditugu denboraldia amaituta, batzuetan merezitakoak direla onartu behar dudan arren. Mila esker guztioi guregatik egindako lan guztiagatik.

Bestalde, gure neguko ibilbide gogor eta hotzean izandako "bajak" aipatu behar. Batik bat, arrazoi pertsonalengatik arrauna uztera behartuta egon den Aitor Zubikarai itziartarraz, arraunean lortzea dagoen garaipenik handiena ez da bandera bat, baizik eta horrelako pertsona eta lagun bat ezagutzea. Aitor, jakintzak, estropada guztitan Telmo Deun ontzi barruan jun haizela.

Azkenik, eta "LANTZAGIRUA" amaitzeko, nire taldekideei esker bereziak eman nahiko nizkieke, aurten izandako arazoetan, batik bat arazo pertsonaletan hor egoteagatik laguntza handia ematen. Zumaiko arraun elkarteak duen doairik garrantzitsuena zuek taldean sortzen duzuen elkartasuna eta laguntasuna delako, eta hori ez dago diruarekin erosi edo fitxatu dezakeen elkarterik. 

Agur esateko momentua iritsi zait, batenbatek gustoko izan baditu lerro hauetan idatzitako histori zein txorakeriak, asko pozten naiz. Nire intentzioa, gure arraun denboraldiaren berri ematea izan da betiere tono umoretsu eta gertu batean. Barkamenak eskatu akats gramatikalengatik, idaztea inoiz ez da izan nire puntu gogorrena baina ederki pasatu dut asteroko berriak plazarazten.

Besterik gabe,

Gora Telmo Deun!


Keep calm
        & 
 #RemaLe

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide