'Zeruko belardiak' azaroan

Erabiltzailearen aurpegia irakurrimatte 2021ko urr. 16a, 16:45

John Steinbeck nobel sariduna Californiako Salinas hirian jaio zen 1902an. Salinas Pazifikoko kostatik distantzia gutxira dago, eta izen bereko ibarretik hurbil; hantxe kokatuko zituen idazleak, bere jaioterriaren inguru haietan, bere obra gehienak, baita Zeruko Belardiak ere. Azaroaren 9an eleberri eder hau izango dugu mintzagai irakurle-taldean.

Zeruko Belardiak 1932an argitaratu zen, eta Steinbeck-en lehen obretako bat da. Idazle oparoa eta eklektikoa izan zen, nobelaz gain ipuinak, bidaia liburuak, satirak, pelikula gidoiak eta antzerkiak idatzi zituena. 1968an hil zen arte idazten eta argitaratzen segitu zuen etenik gabe. Hala aitortzen zuen idazleak berak lagun bati idatzitako eskutitz batean: "Ez dago nigan pertsonala edo behin betikoa den emoziorik. Egia esan, idazten ari ez naizenean, habitatu gabeko gorputz bat bezala sentitzen naiz. Uste dut halakoetan bakarrik naizela benetan zoritxarreko".

John Steinbeckek Itsas biologia ikasketak egin zituen Stanford-eko Unibertsitatean, baina graduatu baino lehen, eta idazle izatera erabakita, Unibertsitatea utzi eta New Yorkera jo zuen. Lehen urte haietan, idazteaz batera, eta argitaratu zituen lehen obren salmenta urriak hartara bultzatuta, beste hainbat lanetan jardun beharra izan zuen: ganadua zaintzen eta fruta biltzen ibili zen, piszifaktoria batean egin zuen lan, adreiluak garraiatu zituen Madison Square Garden-en eraikuntzarako. Bere lehen nobela, Cup of Gold (1929), mendiko etxe isolatu eta bakarti bateko zaindari zela idatzi zuen. Tartean obra gehiago plazaratu bazituen ere, Tortilla Flat izan zen (1935) hasieratik onespen zabala izan zuen bere lehen obra. 1940an Pulitzer Saria eman zioten bere nobelarik ezagunenagatik, The Grapes of Wrath, Oklahomako nekazari ezer gabekoen exodoa kontatzen duen kronika epiko hunkigarria. Beste titulu asko ere argitaratu zituen, eta batzuek ospe berezia lortu zuten zineak egindako bertsioengatik: Perla, Of Mice and Men (Gizonak eta saguak, Alberdania, 2012), East of Eden, The Wayward Bus eta abar. 1962an Nobel Saria eman ziotenean, hitz hauek esan zituen Sueziako Akademiak Steinbeck-i buruz: «Ez da bere asmoa inor mindu gabe idaztea, irakurlearen lasaitasun eta entretenimendurako. Aitzitik, aukeratzen dituen gaiak serioak eta salatzaileak dira, hala nola Californiako fruta eta kotoi plantazioetako greba gogorrak.»

        

Liburuari egindako KRITIKAK

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide