Ametsetan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Osa 2022ko uzt. 22a, 08:02

Gogoan dut orain dela 13 urte nire lehenengo urrezko domina irabazi nuen hura. Hasieran jolas hutsa zen kirola nire egunerokotasuna izatera iritsi da. 11 urte nituela hasi zen guztia, etxetik zetorkidan zaletasuna eta pixkanaka denbora igaro ahala handituz eta ikasiz joan naiz.

Hasieran dena oso erraza zen, bidaia asko egiten genituen txapelketa batetik bestera eta helburu zehatzik gabe gero eta maila handiagoa izatera iritsi nintzen. Gero eta helburu zorrotzagoak jartzen nizkion nire buruari. Lehenengo txapelketa internazionalean sailkatu nintzen, eta selekzioko entrenatzaileak aipatzen ziguten “lehenengo lauren artean geratzen bazara, goi mailako kirolari izendatuko zaituzte”. Hor konturatu nintzen, hainbat urtetako lana egin ostean hori zela nahi nuena, horrekin amesten nuen.

Lortu nuen. Banekien zer nahi nuen eta oso garbi neukan zer egin behar den bidean hori lortzeko. Egunerokotasuneko lanari ematen diot garrantzia, baita ahaleginari, pertseberantziari eta, batez ere, nahi izateari ere. Nire ustez, aurrena nahi izan behar da, eta nire kasuan, maila horretan egotearekin amesten nuen.

Ametsak buruan zeuden, eta gero eta handiagoa eta gero eta profesionalagoa bihurtzen hasi nintzen. Nahi gabeko bide bat izango balitz bezala. Egunetik egunera kalitate gehiago bilatzen nuen entrenamenduetan, atsedena, elikadura, etab. Ametsetan jarraitzen nuen, aurretik zer zetorkidan imajinatu nahirik.

Etapa aldaketa bat zetorkidan, argi neukan kiroletik bizitzea oso zaila izango zela, eta nire helburu nagusia unibertsitatera joatea zen. Kiroleko balioak nire ikasketekin paraleloan joan dira beti, esan dezaket kirolak erakutsi didana bizitzarako baliagarri egin zaidala. Nire berezitasun nagusietako bat hori dela esango nuke, goi mailako kirola ikasketekin uztartzea. Noski, ez da bide erraza izan, baina nire ametsak egia bihurtu dira eta orain badakit zer den munduko txapelketa batean domina irabazi eta horrekin oheratzea.

Niretzat kirola bizitzeko modu bat da, eta nahiz eta askotan goi mailako kirola zorrotza eta gogorra izan, berak dakarren exigentzia altuagatik, muturreko egoera askotan bizitzeko esperientzia eman dit. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide