Kortozirkuitua

Erabiltzailearen aurpegia Ismael Manterola 2018ko abe. 1a, 11:46

Zergatik eta zertarako kulturari buruz idatzi? Erantzunak ez dira errazak, bakoitzak bere erantzuna emango lukeelako. Baina norberaren iritzitik aparte, badago kezkatzen nauen zerbait: gizarteak kulturari ematen dion garrantzia.

Ikuskizunaren eta kontsumoaren aurrean kulturak lehia galdu duela esango nuke. Garai batean aisialdiaren zeregin ohikoak zirenetatik (kirola, musika, zinea, antzerkia edo artea), kirolak bakarrik iraun du indartsu; musika eta zinema ikuskizun diren heinean mantendu dira eta antzerkia eta artea iraganeko gauzak direla ematen du. Ondo pasatzea da gaur egungo leloa, eta horren aurrean, zaila da buruko lan pixka bat eskatzen duten zereginak jendearen gustukoak izatea.

Hala ere, gizarte hedonista honetan badaude oraindik gutxiengo baten gustuko diren kulturarekin harremana duten gaiak. Artea denez nire laneko esparrua, horri buruz hitz egin nahiko nuke hurrengo lerrootan.

Artea gutxi batzuen esku dagoen zerbait izan arren, gizartearen onarpena lortzeko gogoa du. Inoiz baino jende gehiagok ematen du izena arteaz gozatzeko txangotan edo hain modan jarri diren bisitaldi gidatutan, nahiz eta oraindik jende askok arte garaikideari buruzko kritika gogorrak botatzen dituen.

Gizartean zabaldutako ideiaren arabera, artea luxuzko zeregina izango litzateke krisi garaietan. Dirua artean, edo kulturan orokorrean, jarri behar bada, beti etorriko da norbait esatera behar-beharrezko gauza garrantzitsuagoak badaudela. Kulturak bigarren mailako izaera du gizarteko jende askorentzat, konturatu gabe arteak eskaintzen duen ezagupenak, kohesio sozialak eta pertzepzioaren zabaltzeak askeago egiten gaituela.

Eraiki dugun gizarte produktibo honetan, denak aplikazio praktikoa izan behar du eta artea edo kultura hitzak mahai gainera azaltzen direnean, “zertarako” hitzak ihes egiten dio bati baino gehiagori. Denak izan behar al du zertarako bat? Gorputza sasoian mantentzeak garrantzia duela ondo baino hobeto ulertu dugun garaiotan, ez al da gauza bera gertatzen buruarekin? Klasikoek mens sana in corpore sano esaten zuten, nahiz eta guk bigarrenari bakarrik eutsi diogun.

Lehen aipatutako artearen zereginetatik, batek kezkatzen nau azken boladan: kohesio sozialarenak. Arteak beti izan du gizartean edo komunitate batean identitate kolektibo bat sortzeko ahalmena. Nahiz eta nazioartekoa izateko bokazioa izan, hau da, mugarik ez izatea, arteak badu talde batentzat esanahi berezia. Adibidez, zumaiarrontzat Beobideren eskulturak badu beste tokiko batentzat ez duen zerbait, nahiz eta jende guztiak ulertuko dugun artelan mota izan.

Baina azken urteotan arteak gizartean tokia galdu duenez, ezin izango du komunitatea eraikitzeko balio eta horrek galera ekarriko badu ere, ezin dugu negar malkotan geratu. Gizartearen joera orokorrari aurre egiteko tresna aproposa da artea. Kanta bat egitea, poema bat idaztea, marrazki, koadro, bideo, argazki bat egitea beti izango da egunerokoan eten bat eragiten duen ekintza. Ohituta gauden pertzepzioa puskatuko duen kortozirkuitua.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide