Estereotipoak hor daude, onerako edo txarrerako. Nire buruan euskal txonien top-a Bilboko ezkerraldean kokatzen zen: Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin... Zergatik? Agian telebistan ematen ziren hainbat saioek hori adierazten zutelako. Besterik gabe...
Baina, kontuak kontu, ia urtebetez nire lankidea izan zen Sestaoko neska batek euskal txonia NI nintzela esan zidan. "Alajaina!" pentsatu nuen.
-Zergatik uste duzu euskal txonia naizela?-galdetu nion.
-Bulegoan euskaraz ongi dakien edo hitz egiten duen bakarrenetakoa zarelako, eta reggaetoia gustatzen zaizulako-esan zidan.
Bere iritziz, euskaraz hitz egitea ez dator bat musika estilo hori gustatzearekin. Beno, ez reggaetoiarekin, ez eta pop-arekin edo beste batzuekin. “Euskaraz hitz egiten dudalako eta euskalduna naizelako trikitixa bakarrik gustatu behar al zait?” pentsatu nuen.
Nire txoko honetatik musika komertzialaren aldeko aldarria egingo dut, ba. Egia da, musika komertziala gustatzen zait, irrati formula komertzialak gustatzen zaizkit. Goizean esnatzen naizenean ohikoa dut reggaetoia ipintzea, eta gidatzen nagoenean zer esanik ere ez! Badakit musika honen letrak ez direla egokienak baina duen soinua, erritmoa... gustatu egiten zaizkit.
Euskal kulturaren aldeko aldarria ere egiten dut, noski. Maitatu egin behar dugu etxean ekoizten dena, ulertu, sentitu eta zabaldu. Baina era guztietako arte, musika, estilo eta modarentzat dugu tokia.
Eta... zer esango dizuet ba. Ez naiz euskal txonia sentitzen reggatoia dantzatu eta bertso saio batera joatea maitatzen dudalako!