Webgune honetan euskal txonia nintzela aitortu nuenetik, nire txonismo maila ez da graduz igo udara guztian (nahiz eta horretarako sasoi egokia izan). Lasai antzera pasatu dut udara, eta soilik lanera bidean, kotxean, entzun ditut udarako kantak deitzen diren horiek. Baina aurreko astean ezohiko zerbait gertatu zen...
Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da aurtengo udazkenean (gaur hasiko da kanporaketa saioa), eta dagoeneko kultur ekitaldi honetako detaileak ezagutarazi dituzte antolatzaileek: noiz eta non izango diren kanporaketak, noiz jokatuko den finala... Gustukoa dut bertsolaritza eta txapelketa zalea naiz, beraz, informazioa tentu handiz barneratu dut.
Uda osoan Getariako Kaia-Kaipe jatetxean ibili naiz lanean eta pasa den astelehenean bezero berezi bat izan genuen. Jakin genuen nazioarteko artista ospetsu baten bisita izango genuela baina arrastorik ere ez genekien zein izango zen. Bat batean furgoneta beltz bat agertu zen jatetxe aurrera eta bi gizonezko altu eta indartsu jaitsi ziren bertatik. “Hemen dator famosoa”, esan zuen lankide batek. Jarraian betaurreko beltzak eta txapel batekin tapatuta nazioarteko abeslari garrantzitsu hori jaitsi zen. Zein zen? Maluma abeslari kolonbiarra. Handik bi egunera BECen kontzertua eskaini behar zuen, eta Donostian lo egiten zuela aprobetxatuz gurera etorri zen bazkaltzera. Zer jan zuen ez dizuet kontatuko baina gustura gelditu zela esan dezaket.
Jatetxean pasa zuen ordu eta erdian, zerbitzari askoen hormonak aztoratuta izan ziren (nireak ez hainbeste, adin bat daukat…), baina berarekin argazki bat atera ondoren kontuak apaldu ziren. Hurrengo egunean baina, Malumaren bisita hitzetik hortzera ibili genuen eta zoro haizean edo, kontzertura joango ginela pentsatu genuen. Sarrera guztiak agortuta izango zirela pentsatu genuen, baina keba. Hala, 10 pertsona joan ginen kontzertura. Groupi ederra osatu genuen, gure nagusia barne, egun bateko fans-ak bihurtuta.
BEC-era iritsi ginenean, ilara luze batekin topatu ginen baina jendea zintzo zegoela esan daiteke. Aparteko kartelik gabe, builarik egin gabe... Hori bai, ikerketa soziologiko bat eginez gero laburpena erraz egin daiteke: 15-20 urte bitarteko neska koadrilak, bikoteak, eta 40 urtetik gorako ia inor. Hori bai, entzule gehienak hegoamerikarrak ziren, emanaldian zehar publikoan agertu ziren banderek adierazten zuten bezala.
Pistan egon ginen kontzertua ikusten eta egia esan ederki pasa genuen, azkenean, bere kantu asko ezagunak genituen eta dantzatzeko tokia ere nahikoa eta gehiegi genuen. Kontzertua hasi baino lehentxeago ordea, harmailetara begira jarri nintzen. Duela lau urte orduko Bertsolari Txapelketa Nagusian izan nintzen, gaikaldean, oholtzatik nahiko urruti. A ze aldea! pentsatu nuen. Malumaren kontzertuan pista betea zegoen baina harmailak guztiz betetzeko oraindik nahikoa leku ikusten zen libre.
Kamaleoia bezalakoa da BEC. Askotariko ekitaldiak izaten dira bertan, anitzak eta bata bestearekin zerikusirik gabekoak. Baina azken aldi honetan hausnarketarako parada hartu nuen. Zer da BEC? Bertsolari Txapelketa Nagusian adibidez euskaldunon plaza da, gure txokoa, gure arnasgune garrantzitsua. Aurrekoan aldiz, beste batzuen arnasgune bihurtu zen. Zilegia ere bai, noski. Eta horrela jarrai dezala. Gainera, finalaren aurretik beste betekada garrantzitsu bat ere izango du, izan ere, azaroaren 17an Shakiraren kontzertua izango da. Euskaldun reggaeton zaleak bertan izango dira ziur aski.