Asteazken goizean kotxearekin istripu bat izan zuen nire ahizpak Deba bidean. Honezkero berdin zait nire ahizpa zein den esatea. Total, jende askok ikusi du kotxea iraulita eta barruan ezin atera gelditu zen argazkia WhatsApp-ean. Oso ongi ikusten zaio nor den, eta zalantza izpirik ez gelditzeko, autoaren matrikula ere bistan dago. Badakizue, informatzen hasita, hobe dena gordin ematea!
Istripuek beti azaleratzen dute pertsonon instintu kuxkuxeroa. Kalean edo errepidean istripu bat ikusiz gero, jende andana hurbiltzen da lekura: asko laguntzera, beste asko besterik gabe zer gertatu den ikustera. Baleiken ere jakitun gara istripuek duten “arrakastaz”. Horrelako notiziak beti dira ikusienak gurean ere.
Twitterren eta irratian esaterako, istripuen notiziak ere egunero ematen dira. Informazio interesgarria izan daiteke lanera doan batentzat, baina zein interes du istripua izan duen pertsonari argazkia ateratzea?
Argi izan behar dugu pertsonaren ohore eta intimitate eskubidea errespetatu egin behar dela. Kazetariok askotan galdetzen diogu gure buruari zein ertzetara edo sakonera iritsi dezakegun edo behar dugun informazio batekin. Hala ere hanka sartzen dugu askotan, jakina. ‘Pertsonak gara!’ azaleko argudioa babes hartuta baina, pertsona batzuen jokabideak hausnartzeko parada ematen du. “Kotxetik ezin atera nengoela, aldamenetik pasatzen ziren asko argazkiak ateratzen ari zitzaizkidala konturatu nintzen”, esan zidan ahizpak etxera etorri zenean. ‘Nori bururatzen zaio hori egitea?’ pentsatu nuen.
Laguntzen gelditzeko instintua ez zaigu ateratzen, ez (gizonezko bat gelditu zitzaion hala ere). Kotxea iraulita ikusi, pertsona bat barruan dagoela ikusi (ez dakizunean ongi dagoen edo mina duen, shock-ean ote dagoen…) eta zer hobeto argazki bat atera eta WhatsApp bidez zabaltzea baino. Gustatuko litzaidake jakitea zer idatzi ote zuten argazkiarekin batera!
Pertsona horren ohore eta intimitate eskubidea erabat urratu da kasu horretan. Komunikabideek ere ateratzen ditugu istripuen argazkiak, baina gutxienez autoaren matrikula zenbakia ezabatuta eta pertsonaren aurpegirik gabe. Anonimotasuna bermatu behar da bai komunikabideetan eta baita sare sozial, WhatsApp eta dena delakoetan ere.
Besteen ezbeharrarekin jolastu gabe, argazkiak ateratzen ibili ziren horiei erronka bat bota nahi diet: ea beraien kabuz eta beraiek protagonista izanik, argazki edo nahi duen euskarria hartuta, kapazak diren istripuko argazki horrek izan zuen biraltasuna lortzen. Ausardia kamera aurrean ikusten da, eta ez dute Instagramean ateratzen diren postureoko argazki zoriontsuek balio!