Bigarren hizkuntza bat ikasteko motibazioaz (beharrez, Maslowrentzat) asko teorizatu da. Bigarren hizkuntzaren norbereganatze prozesu horretan nola, alde batetik, norbanako faktoreak dauden, eta nola, beste aldetik, sozialek ere indar handia izango duten.
Zalantza izpirik gabe esan genezake KORRIKA euskara bultzatzeko herri ekimen bat bezala jaio zela, kolektiboa dela eta, zabaldu eta nazioartekotu eta gero, indartsu dirauela 1980 urrun hartatik bere 22. edizioa aurki betetzear dagoenean.
Bi urtetik behin (salbuespenak salbuespen) ez digu hutsik egiten, eta hurbiltzen doan heinean, geure barne-barneko zerbait pizten doa, samurtzen eta bizitzen doa.
Zerbait horrek harro sentiarazten gaitu, EUSKALDUN (euskara dun), kultura eta herri baten parte; tribu berekoak gara, eta konturatzen gara eskuz esku bidaiatzen duen Remigio Mendiburuk diseinatutako lekuko horren barruan, hitzez, euskarako hitzez beteriko altxorra doala, gure EUSKARA.
Urte asko pasa dira aurreneko ediziotik eta hainbat ika-mika ere izan dira bidean, harik eta adostasun batera iritsi eta konturatu garen arte (hala bedi!) euskarak ez duela jaberik. “Izango bagara, euskaraz izango gara”.
KORRIKAK berak ere badu nortasun propioa, kolore, pentsaera edo belaunaldi ezberdineko jendartea batzeko, norberak euskara berea dela sentitzeko, emozionatzeko eta parte hartzeko.
Nire lukanatik begira, gogoan ditut bereziki 1983-1987 bitarteko KORRIKAK, Zumaiako AEK-ko irakasle izan bainintzen urte haietan. Hemendik besarkada handi bat nahi diet bidali nirekin bertan jardun ziren guztiei eta omenalditxo berezi bat berriki utzi gaituen Abelintxori. Bere ekarpena, umorea eta transmititzen zigun ilusioagatik.
Izugarrizko subidoia sentitzen genuen KORRIKA hurbiltzen zihoanean. Gogoan dut bereziki Zubeldia sastrearen lokalean 1985eko ediziorako egindako prestakuntza, non mimoz mozorrotzeko, batzuk besteei aurpegia margotzen zer ondo pasatu genuen. Izan ere, lana eta jostaketa uztartzeko aukera bat zen, eta horrek ilusioa piztuta mantentzeko balio zigun.
Gaur egun, teknologia berrien aroan, ZIBERKORRIKA ere ezaguna dugu. Orduan ez genuen mugikorrik, eta telefonoz Zarauzko Joxeani edo Mutrikuko Auroari deitu behar izaten genien, eta kotxeak ere erabiltzen genituen, jakin ahal izateko non zeuden zehazki korrikalariak. Zenbat baratxuri zopa, salda, kanta eta barre! Denok prest, komunitatean, korrika egiteko, ordu txikietan tokatzen baldin bazen ere.
Badatorrela, badatorrela… Santixon diala! A zer nolako zirrara!
Eta KORRIKA, gaur egun zertarako?
KORRIKAK badu, baita ere, zergati ekonomikoa. Zoritxarrez, euskarak baditu, bai, kontrarioak.
Ia dena instituzionalizatu denean, dena araututa dagoenean, eta epika eta erromantizismoa galtzear daudenean, zertarako?
Euskarak baduelako oraindik arima sendotzeko beharra, eta KORRIKA oraindik pizgarri baliotsua delako horretarako. Eta badu, baita ere, bere alde ez erromantikoa: ekonomikoa.
Eta ez ahaztu zazpi anai-arreba garela eta familia guztietan batzuek besteen beharra izaten dutela. Begira Iparraldera, begira Nafarroara, eta ez ahaztu arerio boteretsuak ere baditugula, beren lege eta gorrotoarekin.
Prestatu zapatilak eta petoa! Bete ditzagun Euskal Herriko bide-bazterrak HITZEKIN!