Lehia estua espero zen gure herrian EAJ eta EH Bilduren artean, pasa den legegintzaldian alderdi bakoitzak seina zinegotzi eskuratu baitzituen eta apirilak 28ko hauteskunde orokorretan 32 boto eskaseko aldea izan zen EAJren alde. Irabazi nahi zuen alderdiak bere boz emaile base ohikotik haratago hazi behar zuen, eta EH Bilduk asmatu du lan honetan. Aurreko hauteskundeetatik hona, bostehun boto berri baino gehiago eskuratu baititu koalizio abertzaleak. EAJk, aldiz, bere ohiko hauteslerian egonkor mantendu da, zertxobait jaitsiz, gainera.
Hainbat gako izan ditu emaitza honek. Lehenik, garbiki, EH Bilduk beste hauteskunde mota batzuetan ezkerreko alderdi estatal bati (Podemos inguruko bati) boza emango zioten horien boza erakartzen jakin du, udalean aldaketa eman zedin. Bestetik, hautagai profil egokia aukeratu du EH Bilduk, koalizioa osatzen duten barne familia politikoek gure herrian duten pisua kontuan izanik. Azkenik, kanpaina aktibo eta beroa egin dute, “remontada” eta emaitzari buelta ematea posible zela zabalduz. “Gertu gaude” leloa honen erakusle. Koalizioak jakin izan du mobilizazio sentimendu hau herritarrengan zabaltzen, horregatik, bere emaitzak Zumaian arras hobeagoak izan dira udal hauteskundeetan, foru zein europarretan baino.
Hala ere, marketin politikoak pisu erabatekoa duen garai hauetan, nabarmendu beharko litzateke EH Bilduk kanpaina aktiboa egin badu ere, hau hein handi batean logika post-politikoan oinarritu dela. Itxurak mezuak baino garrantzi handiagoa izanik. Bere kanpainako hiru bideo nagusiek kasik eduki politikorik ez zuten, metafora ezberdinekin jolasten zelarik. Masa-alderdien, zein ideologia politikoen lausotzearekin, kanpainen materialitatea bera ere desagertu da. Jada kasik ez dira programa politiko zehatzak eztabaidatzen. EAJ zein EH Bilduren arteko ezberdintasunak bilatzea zaila izan zen Alondegian egindako eztabaidan, bi hautagaiek oso profil teknikoa hartu baitzuten. Agian, udal mailan gizarte politikak deiturikoak egiteko maniobra marjina inoiz baino estuagoa denaren kontziente izanik. Horregatik, honen partez sentimenduen, emozioen eta itxuraren logika hutsala nagusitu da. Baina, bere burua alderdi ezkertiar edota eraldatzailetzat duen batek kontuz erabili beharko luke logika hau, egun soil batean eta boza ematea bezalako mobilizazio erraz baterako arrakastatsua izan baitaiteke logika hau, baina, luzera begira, jendartearen despolitizazioa eta desmobilizazioa sustatzen ditu.
Hau esanik, EAJk bere hautagaia eta kanpaina profila aukeratzen erabat erratu dela uste dut, dena alde baitzuen hauteskunde hauek irabazteko. Izan ere, hauteskunde hauetan zerbait garbi geratu bada, EAE mailan behintzat, EAJren hegemonia zalantzan jarriko duen alderdirik ez dagoela baita. Hala ere, Zumaian galdu du. Oier Kortarengan berretsi zuten euren konfiantza, baina, agian, hautagai honen irudia oso erreta zegoen bere alderdiaren bozemaile ez diren herritarren artean. Bestetik, profil eta oihartzun txikiko kanpina egin dute. EH Bilduren kale eta sareetako presentzia nabarmen handiagoa izan baita. Emaitza: euren hautesleri egonkorra baino ez dutela mobilizatu.
Beraz, udal gobernua EH Bilduren esku izango da, Iñaki Ostolaza alkate berri izango delarik. Erronka handia du aurretik, lehen aipatu bezala, krisi kapitalistak 2008az geroztik ekarritako berregituraketa dela eta, egun udalek politika sozial eta gastu soziala egiteko inoiz baino muga gehiago baitituzte. Bestela esanda, udalak defizit eta zorrez itota daude. Bestetik, EH Bilduren herri mailako proiektuak aurkituko duen beste muga gogor bat inguruko erakunde politiko nagusiak, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, EAJren esku egotea da. Muga objektiboak hauek direla kontuan izanik, borondate eta jarrera politikoak oraindik ere badute bere lekua. Ikusi beharko da Ostolazak gidatutako udal gobernuaren jarrera eta borondatea zein diren.
Orokorrean, EAJ nagusi
Zumaia alde batera utziz, azken hauteskunde hauek EAE mailan EAJ izan da garaile bakar, garbi eta nagusia. Berak irabazi ditu hiru foru aldundiak zein hiriburu nagusietako udaletan. Beraz, inoiz baino gestio ahalmen gehiago izango dute jeltzaleek. Bigarren eta hirugarren lekuan lehian genituzke PSE eta EH Bildu. Lehenak, bere udal historiko batzuei eutsi die: Eibar, Irun edota Zumarraga kasu. Gainera, hauteskunde orokorrak alde nabarmenez irabaziz, espainiar Estatu mailako alderdi hegemonikoa dugu egun PSOE, EAJk bere hitzarmenetan kontutan izango duen lehen alderdia, gainera.
EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu dituela adierazi zuen Arnaldo Otegik hauteskunde gauean (non alderdi ia guztiek irabazten duten). Kontrara, konparaketa fidelagoa izateko foru hauteskundeen bozak begiratu beharko lituzketela uste dut, hauek alderdien emaitzen irudi fidelagoa eskaintzen baitigute, herri mailan eragiten duten beste faktore batzuetatik aldenduz. Horrela, EAE eta Nafarroako bozak gehituz, 316.560 boza eskuratuko lituzke koalizio ezkertiar-abertzaleak. Emaitza oso onak bai, baina, oraindik ere, 2011ko foru zein hauteskunde orokorretan lortu zituzten emaitzak baino zerbait okerragoak. Bestalde, EH Bilduren botere instituzionala nabarmen gutxituko da, ez baitu ez foru aldundirik ezta udal nagusirik kontrolatuko. Herri txiki eta ertainak dira koalizioaren gotorleku nagusia. Aldiz, Bizkaian oraindik zulo nabarmena du eta Bilbo Handian bere emaitzak oso eskasak dira. Noizbait Eusko Jaurlaritzara iristeko helburuz aurkezten den alderdi batentzat, bederen.
EAJk, aldiz, argi du zein den bere jolasa. Ongizate estatua eraisten ari den honetan, EAE europar mailako zirkuitu eta korronte kapitalista nagusiei txertatzen saiatzea eta hor mantentzea. Hau da, industria garatuan eta I+G sektoreetan ahal duen neurrian esfortzu handiena jartzea, industria foku konpetitibo batzuk mantendu eta hauekin Euskadiko biztanleriaren ongizate maila erlatiboari eutsi ahal izateko. Orokorrean, ordea, azken urteetan Fagor, Xey edota La Naval bezalako enpresen itxiera ikusi dugu. INEren datuen arabera, EAEko industria lanpostuak %54an gutxitu dira 1975etik egun arte, eta orduan EAEko BPGaren %49a industria sektoreak suposatzen bazuen, egun, %24a baino ez da, beheranzko joeran jarraitzen duelarik.
EAJk ezin dio aurre egin kapitalismo globalizatuaren mundu mailako konpetentzia maila eta testuinguruari. Horregatik, kapitalismoaren joerak irakurtzen baditugu, EAJk hemen eusten dion ongizate eredua ere eraisteko joeran doala ulertuko dugu. Bina, EAJk argi izanik bere jolasa, ez du esperimenturik proposatzen, testuingururu geroz eta lehiakor batera moldatzen saiatu eta hor eustea baitu helburu. Ez eraldaketa erradikalik, ez independentzia prozesurik.
Europa joeren erakusle
EAJk dagoenari eusteko apustu garbia egiten duen bitartean, bada sistema erakunde politiko estatal barnetik eraldatzen saiatu denik ere. Syriza, Greziako ezker erradikaleko alderdiaren (hemen Podemos edota EH Bildurekin pareka dezakeguna) porrota erabatekoa izan zen europar zein udal hauteskundeetan, Grezian ere udal hauteskundeak ospatu baitzituzten duela bi igande. Alexis Tsiprasen Gobernuak 2015eko erreferendumean herritarren gehiengo zabal batek adierazitakoari muzin eginez, murrizketa eta liberalizazio muturreko programa ezartzen aritu da lau urte hauez, ustez herritarren gehiengoaren ongizatea hobetzera zetorren alderdi horrek. Ondorioak lazgarriak izan dira ezkerrarentzat, eraldaketa aukera oro bazterturik zein despolitizazio eta frustrazio sentsazio nabarmenaren ondorioz, Demokrazia Berria alderdiak (bertako PPk) irabazi baitzituen hauteskundeak alde nabarmenarekin. Hauteskunde orokorrak uztailera aurreratu beharrean aurkitu da Tsipras eta joera berdina izango dela dirudi.
Bestalde, eskuin muturrak gora egin zuen, bai. Baina, Europar Batasuneko hierarkian ia inolako eskumenik ez duen parlamentu baterako bozak izan direnez, ekimen legegilerik ere ez duen parlamentu bat osatzeko, ez da ondorio aipagarririk espero. Izan ere, europar mailako eta gure egunerokotasunean gehien eragiten duten politikak beste erabakigune batzuetan hartzen dira, Europar Batzordean eta Europar Banku Zentralean. Bigarren hau, estatuengatik, eta beraz, edozein kontrol herritarretik independentea da. Gainera, Europa mailako politika ekonomiko eta moneta politika erabakitzen dituen erakundea da.
Ondorioz, alderdi ezkertiarrek jendeari egia esaten hasi beharko lukete euren kanpaina. Arnaldo Otegik hauteskunde hauetan behin eta berriz nabarmendu du ezkerreko gobernuekin jendearen ongizate maila igo egiten dela. Gezurra, alor sozialean egun alderdi sozialdemokrata batek, “erradikal” nahi baduzue, egin ditzakeen politikak ezer gutxi baitira. Erabaki foku nagusiak jada ez direlako erakunde politiko ohikoak. Gurean, errealitatean ezartzen diren politiken lerro nagusiak Europa mailan eta inork bozkatzen ez dituen erakundeetan hartzen dira. Noski, esan gabe doa, erakunde hauek ez dute deus emango ez Katalunia, ezta Euskal Herriko prozesu independentistaren alde, ez eta errepresio bortitzena bada ere, euren proiektua espainiar Estatuak ordezkatzen duelako.
Horrela, alderdi ezkertiarrek, Podemosek edota EH Bilduk, loraldiak eta krisiak izango dituzte. Errealitateak, ordea, analisi serio eta idealismoa atzean uzten duten planak eskatzen ditu. Eraldaketa sakonak ezinezkoak badira, ezta sinpleak ere, hau jendeari azaldu behar zaio, egia esanez. Greziakoa bezalako tragediak errepikatzerik nahi ez badugu behintzat. Funtsean, udal aldaketak gure egunerokotasunera aldaketa nabarmenik ekarriko ez duenaren sentsazioa dut. Hala ere, oraindik, borondate eta jarrera politikoari garrantzia ematen diodanez, ez dut aldez aurretik epaituko hauen jarduna. Denbora da poligrafo bakarra.