Bizi ditugun eguraldi aldaketa bortitzak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Egaña 2022ko ots. 14a, 06:03

Euskal Herrian badaki eguraldiak koska handiak sartzen egun batetik bestera. Bizi garen tokian ohikoa da, gauden latitudean eta itsasotik gertu eta atmosferako zirkulazio orokorra kontuan hartuta.

Antizikloien eta borrasken kokapenen arabera, egoera oso ezberdinak izaten ditugu. Batzuetan, antizikloia Atlantikoan geratzen denean denbora luzez, ipar-mendebaldeko haizea eragiten du eta hortik fronteak iristen zaizkigu bata bestearen atzetik etengabe, eta horrela giro hezea eta euritsua izan dezakegu egun askotan. Beste batzuetan, ordea, antizikloia gainean ipini eta egoera lasaia, egonkorra eta eguzkitsua izan dezakegu. Hego haizea ere ohikoa da, bereziki udazkenean eta negu partean, borraskak Atlantikotik hurbiltzen direnean baina aurrera egin ezinik geratzen direnean, Europan kokatzen den antizikloi egonkorrari esker. Horrela, jarraian egun askotan zehar, hego haizea izan dezakegu, batzuetan nahiko zakar, eta nahiz eta neguan egon, badakigu zer egiten duen hego haizeak, tenperatura igo, guri aire masa beroagoa eta lehorragoa iristen baitzaigu.

Egoera batetik bestera berehala pasa gaitezke, eta gertatzen denean, askotan fronte baten iritsierarekin, bat-bateko aldaketa nabarmenak ekartzen ditu. Aldaketa horiek guztiek egiten dute polita meteorologia. Egunero eguraldi berbera izango bagenu, ez dut uste eguraldi zaletasun hau izango nukeenik eta are gutxiago nire ofizio bihurtu.

Egoera berezi baten aurrean gaudenean, askotan esan ohi dugu eguraldia zoro dabilela, eta horixe iruditzen zaigu aldaketa bortitzak izaten direnean ere. Adibidez, lehengo urteko azaroaren azken 10 egunetan eta abenduaren lehen 10 egunetan, egunero euri asko egin zuen eta litro asko pilatu ziren; 20 egunetan urte osoan botatzen duenaren erdia toki askotan, eta horrek uholdeak eragin zituen hainbat puntutan. Gero, berriz, antizikloia gainera etorri eta euririk gabe geratu ginen abenduaren 11tik aurrera. Gabonetan, berriz, hego haizea, eta esan dugun bezala, nahiz eta neguan egon, tenperaturak gora egiten du erraz. Tenperatura maximoa egun askotan 20º C-tik gorakoa izan zen kostaldean. Hego haizea berogailua martxan jartzea bezala da guretzat, baina egia da, baita ere, traidorea ere badela, ze orokorrean bero egiten du, baina boladaka, indartsu dabilenean, berokiak ez digu enbarazu egiten, hotz sentsazioa dugun seinale. Dena den, Gabonetan momentu askotan haizea nahiko suabe ibili zen eta bero sentsazioa izan zen nagusi. Adibidez, Urtezahar gauean tenperatura 20º C inguruan egon zen gau osoan kostaldean, toki batzuetan 20º C-tik jaitsi gabe, hau da, gau tropikala negu bete-betean (gau tropikala 20º C-tik jaisten ez den gaua bezala definitzen dugu). Hego haizea desagertzen denean, berriz, neguan hotza bueltan etortzen da, berogailua itzaliko bagenu bezalaxe. Urtarrilaren 4an bat-bateko aldaketa izan genuen, hego haize eta eguraldi epel hori atzean laga, eta frontearekin batera tenperatura 10º C jaitsi zen, eta hurrengo egunean maximoa 10º C inguruan geratu zen, gainera euri kontuekin.

Esan dudan bezala, beraz, aldaketa handiak gertatzen dira Euskal Herrian eguraldiari dagokionez, eta hori normala da. Gabonetan, eta orokorrean negu partean, hego haize egunak ugariak izaten dira, eta horrelakotan ez da arraroa 20º C-ra iristea edo muga hori gainditzea. Urrutira joan gabe, 2019ko abenduaren 24an Gabon Koruan kantuan ibili ginen bero sentsazioarekin, eta nola ez, hego haize egun bat izan zen, hego haize suabea, maximoa 21º C-koa. Memoriak askotan huts egiten digu eta erraz ahazten gara lehenago gertaturiko egoerekin, behintzat eguraldi kontuetan, eta uste dugu inoiz ez dela gertatu horrelakorik, baina datuak aztertzen ipintzen bagara, orduan aurkitzen ditugu egoera horren antzeko beste hainbeste.

Baina egia da, baita ere, azken urteetan, egoera bitxiak eta bereziak gertatzen ari direla eta datuetara jotzen badugu, markak hausten doazela, bai hemen, baita planetako hainbat eta hainbat tokitan ere. Esate baterako, pasa den abenduko azken egunetan, Euskal Herriko toki batzuetan, XXI. mendeko abenduko tenperatura minimo altuenak neurtu ziren, baita tenperatura maximo altuenak ere, eta Bilbao aldean zehazki datuak daudenetik abenduko maximo altuena. Garbi dago aldaketa klimatikoaren ondorioz, muturreko egoera bereziak areagotzen ari direla eta bereziki tenperatura goraka doala. Mundu mailan datuak daudenetik, azken zazpi urteak izan dira beroenak, bada zerbait. Beraz, gure planeta zaintzea komeni zaigu, daukagun planeta bakarra baita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide