Agian gazteagoa izango banitz, ni ere festaz-festa ibiliko nintzateke eta autobus horiek erabiliko nituzke ondo kargatuta etxera bueltatzeko. Hori da eta helburu nagusia, zerbeza, kalimotxo, gintonic edo kubata bat baino gehiago hartu duen jendea segurtasunez eta arriskurik gabe etxera bueltatzea. Nahikoa tragedia izan dira errepideetan eta istripu horiek ekiditeko hartzen diren erabaki guztiak ongietorriak izango dira.
Baina baita festak ez diren beste ekitaldi edo momentuetarako ere. Adibidez, orain gutxi izan den Donostiako Jazzalditik lautik bitan kotxean egin behar izan dugu joan-etorria gaueko autobusik ez zegoelako. Nahiko harrigarria da uda garaian astelehenetik ostegunera eta igandetan azken autobusa 22:00ak aldera izatea. Jendea gira eta buelta ibiltzen da uda garaian eta nahiko logikoa izango litzateke zerbitzua beste pare bat orduz luzatzea. Ez segurtasunagatik bakarrik, erasotasunagatik ere bai. Donostia erabat masifikatuta dago udan eta ez da erraza, ez, kotxea aparkatzeko lekua aurkitzea. Zerbitzu publikoak aregotuko balira, gero eta jende gehiagok erabiliko lituzke autobusak edo trenak, kotxe gutxiago egongo lirateke errepideetan, ondorioz istripu gutxiago eta lasaitasun handiagoa ere bai hiriburuko sarreretan/kaleetan.
Era berean, hainbesteko jendetza mugitzen duen ekitaldi baterako (Gloria Gaynorren kontzertuak 45.000 lagun erakarri zituela iragarri zuen antolakuntzak), ezin al da gaueko autobus zerbitzua luzatu, hobetu. Dbus enpresak zerbitzua luzatu bazuen, Lurraldebusek edo Gipuzkoako beste eskualdetan lan egiten duten enpresek ezin al dute berdin egin? Txartelagatik gehiago ordaindu behar dela? Bale, uste det gehiengo handi bat estra hori ordaintzeko prest izango dela, kotxearen ardura kentzen bazaio.
Eta Jazzaldiagatik diodana, Musika Hamabostaldiarekin edo Zinemaldiarekin errepikatu daiteke. Urtero goraipatzen da errekorrak hausten direla, inoiz baino jende gehiago joaten dela eta saio askotarako sarrerak agortzen direla. Akaso jende hori guztia Donostikoa da? Ez, ezta? Orduan, instituzioek ezin al dute gaueko autobus zerbitzua areagotu hiriburua eta herriak lotzeko.
Donostiako Aste Nagusirako tren zerbitzu berezia jarriko dute, urtero bezala, jendea izozkiak jatera eta su artifizialak ikustera joateko. Hori ezin al da egin Jazzaldian, Musika Hamabostaldian edo Zinemaldian? Zinemaldian estrenuko pelikularen saioa 22:00etan hasten bada, nola demontre bueltatuko gara kotxean ez bada? Jazzaldiko kontzertu bat 00:30ean amaitzen bada eta kotxerik ez badugu erabili nahi, zer egin behar dugu? Gaupasa egin? Pentsio batean gela hartu? Izozkiak jateko bai, baina kulturarako ez? Edo Gipuzkoako herrietakoak bigarren mailakoak gara?
Pasa den apirilean Denis Itxaso zinegotzia Zumaian izan genuen Foru Aldundiaren kultur politikaren berri ematen eta etorkizunerako zer asmo dituzten iragartzen. Ez gaitezen engainatu, autobonbo saio bat izan zen. Gipuzkoa hiri txiki bat zela esan zuen eta Donostia erdigunea. Galdera-erantzunetan, beste gai batzuen artean, arazo hau bera azaldu zitzaion: gaueko autobus zerbitzuaren falta. Bere lehen asmoa eskakeatzea izan zen ironia puntu batekin esanaz hori "beste bentanilla" batekoa zela. Esan zitzaionean "bentanilla" hura ere Diputazioarena zela eta bera Diputazio horren ordezkari bat zela, irribarrea ahotik joan eta gaia aztertuko zuela esan zuen. Hori bai, gogoratu zuen Astigarragan, Txotx garaian, bertako udalak parte hartzen zuela gaueko autobus zerbitzuan. Bai, berriro festa, berriro alkohola. Horretarako bai.
Ez dakit Denis Itxaso diputatuak zerbait egin duen gai honen inguruan; ez daukat zalantzan jartzeko arrazoirik, ez dakit-eta. Baina, saiakerarik egin badu, ez du arrakasta handirik izan.
Posdata: Bruce Springsteenen kontzertutik itzultzeko tren bereziak izan ziren. Sardinak lata barruan bezala sentitu ginen zegoen jendetzarekin, baina behintzat joan-etorrian kotxea erabiltzeko beharrik ez genuen izan. Orduan posible izan bazen, zergatik ez besteetan?