Ondo, baina berandu

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 14a, 10:27

Pasa den astean Itzurunen izandako kakanahastearen ondoren, Udaleko, Foru Aldundiko, Kosta Zuzendaritzako eta 'Game of Thrones' telesailerako lan egiten duten enpresako ordezkariak jendaurrera atera ziren atzo azalpenak ematera. Eskertzekoa da, baina, bileran norbaitek esan zuen bezala, hobe aurretik egin izan balitz.

Azalpen hauek orain aste batzuk eman izan balira, ez zen hainbesteko zalapartarik sortuko. Noski, norbait haserratuko zen Itzurungo horma hori kendu behar zelako, baina, pedagogia pixka bat erabili izan balitz, petrila kantzeagatik nahigabea sentitu duten batzuk agian ulertuko zuten horma horren kendu beharra.

Telesail honen ekoiztetxeak beste herrietan halako bilerarik ez duela deitu eta hitzarmenak ez direla publiko egin azaldu zuen alkateak. Bejondeiala kezkarik izan ez badute. Hemen bazeuden kezkak, galderak, zalantzak eta mila eta bat zurrumurru.

Foru Aldundiko teknikariak harridura erakutsi zuen herrian izandako erreakzioarekin eta galdetu zuen ea halako lan txikien berri aurrez publiko egin behar den. Ez dezagun tranparik egin. Ez gara ari Basadin, San Josen, Jadarren edo Juan Belmonten egin behar diren lan batzuez; Zumaiak mundura zabaltzen duen irudi kuttunaz ari gara eta goiz eguzkitsu hartan Itzurunen zegoen jende askok ondoeza sentitu zuen makina hondeatzaile bat hondarrean bertan lanean ikusi zuenean. Ez zekiten zertan ari ziren; harrizko horma bat kentzeko gai baziren, hurrengoan agian labarrean tunel bat egingo zuten kamioiak pasatzeko. Berriro diot: egin beharreko lan horiek guztiak aurretik azaldu izan balira, ziur aski ez zen halako iskanbilarik izango.

Gero, pasa den astean gertatutakoa kritikatzeagatik udal gobernuaren, telesailaren edota turismoaren aurka gaudela ere entzun da. Ez bat, ez bestea, ez hurrengoa. Noski egongo dela Itzurungo afera aprobetxatuko duena gaur egun udaletxean daudenen aurka egiteko. Udaleko egoera bestelakoa izango bazen, PNVko gerrilla digitalak ez zuen erabiliko gertaera hau ezker abertzaleari egurra emateko? Klaro baietz! Halakoak sarri ikusitakoak gara. Baina, eraistearen ondoren bere haserrea erakutsi zutenen artean ideologia guztietako jendea zegoen. Eta hori ez bada ikusi nahi...

Turismoaren aurka egotea ere egotzi da. Turismoa diru iturria da, horren zalantzarik ez dago, eta ongietorria izan dadila, baina aurten masifikazio baten lehen sintomak ere pairatu ditugu. “Winter is coming”, da telesailaren lemetakoa; “Americans are coming” izango da hurrengoa. Eta bisitarien olatua ez, tsunamia dator. Horren aurrean neurriak hartzen joatea ez legoke gaizki.

No-se-vayan-todavía-que-aún-hay-más, zioen Super Ratonek. Aurreko osteguneko hanka-sartze komunikatiboa kritikatzeagatik, telesailaren aurka egotea ere egotzi da. Niri pertsonalki ez zait Game of Thrones gustatzen, edo, hobe esanda, ez dit interesik pizten. Lehen liburua irakurri nuen eta baita telesailaren lehen denboraldia ikusi ere, eta aspertu egin nintzen. Baina, hala ere, nahiago Zumaia Game of Thrones-ekin identifikatu eta ez Ocho apellidos vascosekin. ¿Donde está la fuente?, edo ¿Donde está la ermita? galderak berriro ez baditut erantzun behar, pozik izango naiz. Hori bai, beldur naiz Where is... hitzekin hasten diren galdera dezente erantzun beharko ditugula etorkizun ez hain urrunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide