... eta uda garaian Beach Boysen kantak megafoniatik!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abe. 26a, 17:30

Zorionez, Gabon garaia bukatzeko denbora gutxiago falta da eta horrekin megafoniatik entzuten diren Din, dan, don, din, dan, don, Eguberri on eta antzerako tortura erremintak desagertuko dira. Zorionez.

Badakit bai, gai korapilatsuan sartzera noala. Badakit Gabon abesti hauek maite dituen jende asko dagoela, baina esango nuke beste hainbeste gaudela kanta horiek obligazioz entzun beharra jasaten ez dugunak.  

Gaur goizean Jon Urbietaren txio batean irakurri dut norbaitek megafoniako kablea moztu duela gauean. Bazpadare, ez naiz ni izan, nahiz eta bozgorailu hauen azpitik pasatzen naizen bakoitzean gora begiratzen dudan madarikazioak botaaz. Ematen didan pena bakarra da kable hori konponduko dutela, faktura denon artean ordaindu beharko dugula eta datorren asteburuan ditxosozko Din, dan, donek hor segiko duela bozgorailu azpitik pasatzen direnen neuronak kaltetzen.

Orain urte batzuk dendariak kexu ziren argiak jarri ez zirelako kaleetan. Gabonetako erosketetan ba omen zuen eragina. Ez dakit, ez naiz aditua, beraiek hobeto jakingo dute, baina, benetan, beharrezkoa da kaleetan musika jartzea? Horrekin salmentak hobetzen dira? Din dan don entzuten den bakoitzean eskua poltsikora eramaten gaituen txip bat martxan jartzen al da? Ez al da nahikoa argiekin?

(Hemen gaudenez, galdera bat: zergatik uzten dira argiak piztuta goizeko 8rak arte? Gauerdira arte edukitzearekin ez al da nahikoa? Hor uzten dut galdera)

Beste sistema bat erabili daiteke. zenbat kostatzen da megafonia jartzea? Demagun XXX€. Eta Din dan don hate cluba osatzen dugun kideok XXX + 1€ jarriko bagenu, kaleko musikaz libratuko ginateke? 

Giroa jartzeko bada, sistema urte osora luzatzea proposatzen dut bestela, eta surfa herri mailan hartzen ari den indarra kontutan hartuta, udan Beach Boysen Greatest Hits jartzea autoreversean. Udaberrirako eta udazkenerako aurkituko ditugu beste aukera batzuk.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide