Gauza bera esan daiteke Bruce Springsteengatik. Iazko maiatzean Donostiako Anoeta estadioan eman zuen lau orduko kontzertu hartako errepertorioko % 80 baino gehiago 1984. urtea baino lehenagokoa izan zen. Egia da 1980ko The River maisulanaren urteurrenaren aitzakian muntatu zuela bira hau, baina azkenean ohiko greatest hitsa bihurtu zen eta azken urteotako kantak ez ziren bere abesti klasikoek duten kalitate eta aura magikora hurbildu ere egiten. Bere jarraitzaile sutsuek barkatuko didate, baina urteak dira ez duela disko on bat atera. Baina, hori hala izanda ere, Springsteenek bere zaleen aurrera ateratzeko beharra du 40 urte dituzten kantak jotzera. Gainera, bere oroitzapen liburuan azaltzen duenez depresio galantak izan ditu eta salbazioa agertokian aurkitu du.
Noski, esan daiteke diruak zer ikusi handia duela. Ezin dugu imajinatu zenbateko dirutza jasotzen duten musikari hauek bira hauek egiteagatik. Aberatsak dira dagoeneko, baina zer maiteago du aberats batek diru gehiago baino. Baina, hala ere. Keith Richards batek 73 urte ditu, Bob Dylanek 75, Paul McCartneyk 74 eta Bruce Springsteenek 67, gutxi batzuk aipatzeagatik. Diruagatik ez da ba izango agure hauek oraindik errepidean dabiltzala.
Halako arrakastarik ez duten talde eta musikariez ere hitz egin dezakegu. Burning Madrilgo taldeak, adibidez. 45 bat urteko ibilbidea du eta gaur egun talde originaleko kide bakarra mantentzen da: Johnny. Arrakasta handiena (edo bakarra) 1979ko Que hace una chica como tu en un sitio como este abestiarekin zan zuen. Ordutik hainbat disko atera ditu, baina arrakasta handirik ez, eta areto eta taberna txikitan aritu da rock and rollaren ispiritua zaleengana eramaten. Iazko abuztuan, urteko egun beroenean, Donostiako Dokan jo zuten. Han izan nintzen. Ez nituen inoiz ikusi eta kuriositatea nuen: 61 urte dituzunean, 45 urte errepidean zoazenean eta egiten duzuna egiten duzula ere arrakastak ihes egiten dizunean, zergatik jarraitu? Kontzertua ikusita jakin nuen: Johnnyk agertokira irtetea beharrezkoa du. Aretoa kolkoraino beteta, sekulako beroa eta bi orduko emanaldiaren ondoren, zizko eginda zegoen, ia zerraldo erortzeraino. Zizko eginda baina pozik, erritualarekin jarraituta bere zaleak ere pozik utzi zituelako.
Iaz Elvis Costello ikusi nuen kontzertuan; 40 urte betetzen dira aurten lehen diskoa atera zuenetik. Andoainen ikusitako nire Young Fresh Fellows maitatuek 36 urte daramatzate diskoak ateratzen eta kontzertuak ematen. Urte hasieran Sex Museum madrildarrak ikusi nituen 30. urteurreneko biran eta pasa berri den igandean The Fleshtones amerikarrak Donostiako Le Bukowski aretoan izan ziren, 40. urteurreneko biran. Jatorri desberdineko jendea da, batzuk arrakasta izan dute, besteek ez hainbeste, baina denek partekatzen duten pasioa eszenara ateratzea da; bizitza osoa daramatzate lan honetan, behar hori dute eta baita guk, zaletuok, beraiena ere.