Rocadragon zikindu digutela!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko urr. 24a, 18:08

Ia egunero bezala Twitterreko bilatzailean ‘Zumaia’ terminoa sartu dut. Pasa zaigun albisteren bat edo Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiren bat aurkitzeko modua izaten da. Normalean labarren irudi ‘kukiek’ monopolizatzen dute sarea; orain plastikoak hartu du lekua.

Harraldean grabatutako bideoa tsunami baten moduan zabaldu da sareetan. Eta urarekin batera zer ekartzen dute tsunamiek? Hondakinak, ezta? Kasu honetan hedabideak ekarri ditu barra-barra. Tele5, La Sexta, El Mundo, etab. Hedabide hauetako askok ez zuten jakingo leku hau non zegoen ere Juego de Tronosekoak etorri aurretik. Orain alarma soziala piztu dute Rocadragon zikindu dietelako.

Bai hedabide hauek, baita beste webgune edo blog batzuek titular zein baino zein sentsazionalistagoak bota dituzte: Los ecologistas piden concienciación para que el Flysch de Zumaia deje de ser "un asco" (La Sexta), La alarmante cantidad de basura acumulada en los flysch de Zumaia (El Periodico), No es la India ni Indonesia, ¡es España! (Mystery planet), Las vergüenzas del flysch de Zumaia (Surf30), eta abar luze bat.

Inor baino guayago izateko borroka horretan instituzioek ezin zuten atzean geratu, eta Denistia-Pais Gascoko foru ordezkariek beraien “nahigabea” adierazi zuten ohar baten bidez. Hain hunkituta zeuden, ez zirela gai izan flysch ondo idazteko ere.

Ez dut ukatuko harraldea zikina dagoenik, bideoa ikusita hori ukaezina baita. Baina hedabide hauen trataera aztertuta badirudi utzikeria kasu bat salatzen ari direla; nahita edo utzikeriagatik dagoela harraldea egoera horretan. Hau da, azken egunotan zabor biltzailerik ez dela pasa bertatik. Agian mozolo hutsa naiz, baina labarrak ez al dira urtero zikintzen itsasoak ekartzen dituen hondakinekin? Udazkeneko eta neguko denboraleek eta mareek ez al dituzte zaborrak lehorrera ekartzen? Eta hondakin hauek ateratzeko kanpainarik ez al da egiten?

Oraingoan tronkoak, botilak eta plastikozko edukiontziak ekarri beharrean, itsasoak plastiko zati txikiak ekarri ditu. Eta ekarri dituen bezala, seguruenez eraman ere egingo ditu. Eta hurrengo batean, agian, Zurriolan agertuko dira, edo Landatan, edo Santanderreko Sardinero hondartzan, edo auskalo nongo paradisu natural batean. Ze, arazo hau globala da eta ez da konpontzen titular asaldagarriekin ezta sareetan gure “nahigabea” adierazita. Instituzioen arteko koordinazioa baino, hemen gu guztion jarrera aldaketa bat behar da mundu puñetero hau hondamendira ez eramateko.  

Beste gauza bat da Instagrameko argazki kukietarako labarrak garbi egotea nahi izatea, txiolari eta ordezkari politiko batzuen hitzetan suma daitekeen bezala. Horretarako, bai, agian barrenderoek pasa beharko dute goizero harraldetik.

 

PD. Labarren egoera baino sareek eduki bat birala bihurtzeko duten gaitasuna da hemen albistea nire ustez. Ez da harritzekoa: hedabide askorentzat garrantzia handiago du famosete batek sareetan botatako puskerrak ehunka hildako eragindako tragedia batek baino.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide