Atom Rhumba: Bizkarrezurra astintzeko parada

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mar. 12a, 19:58

Atom Rhumba bezalako talde gutxi dago euskal musikaren panoraman. Izango dira azkarragoak, izango dira bortitzagoak, zaratatsuagoak, pisutsuagoak. Baina gutxik dute bizkaitarrek agertoki gainean erakusten duten intentsitatea eta, rock taldea izanda, jendea dantza ero batean jartzeko gaitasuna.

Hala erakutsi zuen, beste behin ere, larunbatean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean emandako kontzertu puskan. Zazpi urteko isilunearen ondoren, Rober!-ek gidatzen duen taldea ­–bera da liderra eta hasieratik mantentzen den kide bakarra– Cosmic lexicondiskoarekin itzuli da urte honen hasieran. Disko berriak Atom Rhumbaren ezaugarriak mantentzen ditu eta rockaren historian egon eta egongo diren estilo ugariak taldeak bere egin ditu oraingoan ere. Psikodelia, garajea, bluesa, punka, soula, rocka... Dena marmita batean sartu eta berea duen edabe magikoarekin itzuli da taldea.

Agertoki gainean benetako rockstar bat izateaz gain, Rober!-ek badu sekulako musikariak inguratzeko abilitatea. Atom Rhumbaren azken berraragiztatze honetan Joseba Irazoki gitarrajoleak – Euskal Herriko eta, esango nuke, estatu osoko gitarrajole onena da–, Jaime Nieto baxu joleak eta Andoni Etxebeste bateria joleak osatzen dute, Rober!-ekin batera, taldea. Eta, a zer mailako musikariak! Sanagustinen ikusi bezala, base erritmikoa martxan jartzen denean zaila, oso zaila, izaten da geldirik egotea: nahitaez dantzara eramaten zaitu. Horri Rober!-en eta Irazokiren gitarrak eta presentzia gehitzen bazaizkie, bizkaitarren meza beltz rockeroa gelditzeko erarik ez dago.

Logikoa den bezala, Cosmic lexicon disko berria izan zen Azpeitiko kontzertuko oinarria. Izan ziren, noski, disko zaharragoetako altxorrak ere: Cynic skinHome made prozac edota Body clock zoragarria, hurrenez hurren. Ez zen jende asko hurreratu kontzertua ikustera (ez da ezerengatik, baina kontzertuak goizago jartzerik ba al dago?), baina bertaratutako askok bizkarrezurra ederki astintzeko aukera izan zuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide